Errenteriako Udalaren adierazpen instituzionala Emakumeen Nazioarteko Egunean

Emakumeen Nazioarteko Egun honetan, bidezkoa da gure gizarteak historian zehar eraldaketa feministak eragin dituzten emakumeen belaunaldiekiko zorra aitortzea, bai genero-agindu eta genero-estereotipoen aurkako erresistentzietan, bai mugimendu feministaren borroka kolektiboetan.

Sistema patriarkalak emakumeen ideiak ikusezin bihurtu ditu eta haien aktibismo politiko eta soziala ukatu ditu, beraien aldarrikapenak isilaraziz eta komunitateen aldeko lorpenen ebidentziak ezabatuz. Gainera, sistematikoki ezkutatu dira jatorri eta tradizio kultural desberdinetako emakumeen, emakume arrazializatuen, lesbianen, dibertsitate funtzionala duten emakumeen eta adineko emakumeen ekarpenak.

Zehazki, arreta jartzen dugu adineko emakumeen egungo belaunaldian, sistematikoki estereotipatua eta diskriminatua den belaunaldi horretan, sozialki garrantzirik gabekoa bihurtu duten horretan. Gainera, ikusezintasun hori ahulezia handiagoko egoerak ezkutatzen ari da, hala nola prekarietatea eta pobretzea, nahi ez den bakardadea, osasun-arazoak eta indarkeria matxista motak.

Emakumeen ahalduntze-prozesuak tradizio teoriko, politiko eta filosofiko feminista baten oinordekotzat hartzea eskatzen du. Horregatik, adineko emakumeek dituzten jakinduriak eta errealitatearen ikuspegi kritikoa balioestea lagungarria da memoria historikoa erreparatzeko. Konponketa horrek aukera ematen digu gure aurreko emakumeak ezagutzeko eta iragana, oraina eta etorkizuna lotuko dituen belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko.

Martxoaren 8an, emakumeen nazioarteko eguna dela eta, erakunde ezberdinek eskura ditugun estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar ditugu, genealogia feminista ikusarazteko eta emakumeekin historian izandako ahanzturak konpontzeko.

Udalek, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak diren aldetik, aukera eta erantzukizuna dute historia hori tokiko eremuan berreskuratzeko eta emakumeek eta borroka feministek udalerrien bizitzari eman dioten balioa aitortzeko. Beraz, Errenteriako Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

• Emakumeen memoria historikoa aitortu eta berreskuratuko duten proiektuak garatzen jarraitzea, genealogia sortzeko, hurbileko erreferenteetatik hasi eta tokiko bizitzan eragina izan duten talde feministetaraino.

• Mariasun Landa sariak antolatzen eta ikusgarritasuna ematen jarraitu, herriko emakumeek egindako ekarpenetan sakontzen jarraitzeko, izen propioak argitara ekarri eta balioan jartzeko.

• Une historiko bakoitzean, tradizio eta ingurune kultural guztietan, sistemarekiko erresistentzia eta erantzuna artikulatu duten mugimendu feministak aintzatesten laguntzea eta hauen ibilbideak balioan jartzea.

• Herriko emakumeen parte-hartze sozio-politikoaren memoria jasotzea.

• Adineko emakumeen aurkako indarkeria matxistaren eragina eta hura gauzatzeko moduak ikertzea eta horietan sakontzea, emakume horien errealitatera eta beharretara egokitutako erantzunak artikulatzeko.

• Errenteriako talde feminista eta emakume elkarteekin etengabeko komunikazioan jardutea, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politikak diseinatzeko eta ebaluatzeko, Berdintasunerako kontseilua horretarako baliatuz

• Errenteriako emakumeei ahalduntzeko programak eta ekimenak garatzeko espazio eta baliabideen eskaintza areagotzea, Eskola feministaren eskaintzan sakonduz eta Emakumeen Etxeko programazioa indartuz.

• Errenteriako Emakumeen aurkako indarkeriaren memoria historikoan sakontzea

• Auzoetako emakumeekin elkarlanean jarraitzea eta haien 40 urteko ibilbidearen aitortza jasoko duen proiektua gauzatzea

• BERDINSAREA sarearen bidez, EUDELen eta Emakunderen laguntzarekin, udalerriak emakumeen tokiko memoria berreskuratzeko abian jartzen ari diren ekimenak ezagutaraztea eta ikusaraztea.

Bukatzeko, Errenteriako Udalak herritar guztiei dei egiten die Mugimendu Feministak martxoaren 8an arratsaldeko 19:00etan Herriko plazatik abiatuta antolatu duen manifestazioan parte hartzera.