Udalak Esnabideko partzela bat lagatu dio Eusko Jaurlaritzari 27 etxebizitza sozial eraiki ditzan

Artxiboko irudia

Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatuta, Esnabiden 27 alokairuzko etxebizitza sozial eraiki ahal izateko pausoak ematen jarraitzen du udalak.

Zehazki, 32. sektorean kokatuta dagoen 1.381 metro koadroko partzela lagatu dio Udalak Jaurlaritzari, 545.000 euroko balioa duena, bertan hitzarmenean jaso bezala alokairuzko 27 etxebizitza sozial eraiki ditzan. Hitzarmenean jasotzen denez, Eusko Jaurlaritzak 4 urteko epean egin beharko ditu eraikuntza lanak.

Eraikuntza lanak egiteko erraztasunak

Lurrak dohainik lagatzearekin batera, bestelako abantailak ere aplikatuko dizkio udalak eraikuntza lan hauei. Zehazki lagapena urbanizazio kargarik gabe egin dio Udalak eta, horrez gain, obra exekuziorako onura fiskalak ere aurreikusten ditu hitzarmenak. Behin lagapena eginda, orain, Eusko Jaurlaritzak 27 etxebizitzen proiektua egingo du, ondoren eraiki ahal izateko.

Etxebizitza soziala eraikitzeko lehentasunezko eremua

Hitzarmenean bertan Errenteria babes sozialeko etxebizitza publikoak eraikitzeko lehentasunezko eremu gisa identifikatzen du Eusko Jaurlaritzak. Honi, Errenteriako Udalak otsaila hasieran Errenteria eremu tentsionatu izendatzeko eskaera gehitu behar zaio. Horren bidez Eusko Jaurlaritzak onartuko luke Errenteriako etxebizitzaren merkatua tentsionatua dagoela eta, beraz, zenbait kolektibok, hala nola gazteek, zailtasun bereziak dituztela etxebizitzara sarbidea lortzeko.

Errealitate hau kontutan izanda Udalak espero du Eusko Jaurlaritzak lehentasunez garatuko dituela Esnabideko 27 etxebizitza sozialak, baita gerora etorriko diren etxebizitza publikoko garapen berriak ere.