Arditurriko bidegorrira ipar martxa irteera antolatu du Urdaburuk larunbaterako

Larunbat honetan, apirilaren 13an, Arditurriko bidegorrian zehar ipar martxa irteera berri bat antolatu du Errenteriako Urdaburu Mendizale Elkarteak.

Irteeraren hitzordua goizeko 8:45ean jarri dute, Errenteriako Iztietako autobus geltokian (Vodafonen egoitzaren ondoan). Bertan 8:56ean pasatzen den autobusa hartuko dute, Altzibarreko autobus geltokira 9:17ean iristeko.

Altzibarren hasi eta buka, taldea Karrikako eta Arditurriko bidegorrietatik ibiliko da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, gehienbat ibilbidea bidegorrietatik igaroko da eta nabarmendu dute topatzen dituzten aldapak poliki igoko dituztela.

Besteak beste, ipar martxako makilak, trekkingeko zapatilak eta ura eramateko deia zabaldu du Urdaburuk.

Jardueran parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea. Horretarako epea ostiral honetan, apirilaren 12an, amaituko da. Izen-ematea Urdaburuko egoitzan, formulario honen bidez, edo idazkaritzan aurrez aurre edo telefonoz (943527879) egin daiteke.