Gaur hasiko da Oarsoaldeko Gastronomia Erakusketaren 34. edizioa

Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako 24 elkarte gastronomikotako ordezkariek Gastronomia Erakusketa lehiaketaren hogeita hamazazpigarren edizioan parte hartuko dute, Errenteriako Euskaldarrak elkarteak antolatuta. Gaur hasi eta bi astez, astelehenetik ostegunera, hiru elkarte ezberdinek euren proposamenak prestatuko dituzte egunero.

Elena Arzak edo Hilario Arbelaitz bezalako sukaldari ospetsuek, Basque Culinary Centerreko profesionalek eta sukaldaritzan adituak diren kazetariek egingo dituzte epaimahai lanak. Lehiaketan ostalaritzako profesionalek parte hartu ezin duten arren, eta elaborazio guztiak elkarte berean prestatzen diren arren, urtez urte maila handiko platerak egin ohi dituzte elkarte ezberdinetako kideek, goi-mailako sukaldaritzaren sorkuntza duinak izanik.

Sukaldariak bere lanetan ari diren bitartean, elkarteko ateak edonorentzat zabalik egongo dira. Platerak nola prestatzen dituzten ikusteaz gain, egunero produktu gastronomikoen erakusketak egingo dituzte, eta jendeak mota guztietako produktuak dastatu ahal izango ditu.

Lehiaketari amaiera emateko, apirilaren 20an, Euskaldarrak elkartean bertan afaria eta sari banaketa egingo dute parte hartu duten elkarte guztiekin.