Errenteriako Musika Bandak eta Herri Arte Eskolako bandako ikasleek kontzertu bateratua emango dute igande honetan

Datorren igandean, apirilaren 28an, Errenteriako Musika Bandak eta Herri Arte Eskolako bandako ikasleek Topada izeneko kontzertu bateratua eskainiko dute Koldo Mitxelena ikastetxean. EMKE – Errenteriako Musika Kultur Elkarteak antolatuta, emanaldia 12:30ean izango da, sarrera librearekin.

Programari dagokionez, Alain Ayerdi Gurpegik zuzentzen duen bandak Enrique González Arroitajaureguiren Gerekarena obrarekin emango dio hasiera kontzertuari. Jarraian, Bert Appermonten The Green Hill, Gustav Holsten First Suite in Eb edota Ennio Morriconeren Nuevo Cinema Paradiso piezak ere interpretatuko dituzte. Bakarlari gisa, Ane Aristizabal Gaztelumendi (Bombardino) gaztea egongo da.

EMKE – Errenteriako Musika Kultura Elkarteak eskerrak adierazi dizkie Herri Arte Eskolako bandako ikasle guztiei, horiek erakutsitako esfortzu, ilusio eta konpromisoarengatik.

Errenteriako Musika Banda hiruhileko garrantzitsu baterako prestatzen ari da, kontzertuz josita, uztailaren 31ko San Inazio eguneko kontzertuarekin amaituko dena. Besteak beste, Beasaingo Musikastean eta Madalenetan arituko da banda.