Genero-rol eta estereotipoak identifikatzeko tailerra herriko merkatariei zuzendua

Herriko merkatariei zuzendutako tailerra antolatu du Errenteriako Udalak, Errenkoalde Merkatarien Elkartearekin elkarlanean, datorren maiatzaren 9an, 14:00etatik 16:00etara, Emakumeen Etxean. Tailerraren helburua egunerokotasunean erreproduzitzen ditugun genero-rol eta estereotipoak identifikatzea izango da eta jardunbide egokietarako irizpideen dekalogoa egingo da.

Bi orduko tailerra izango da eta hasieran azalpen teoriko orokor labur bat egongo da, gaia kokatzeko eta testuinguruan jartzeko. Ondoren, eguneroko praktikak eta jarduerak aztertuko dira talde-dinamika baten bidez, eta horien eragina aztertuko da.

Errenteriako emakume eta gizonen berdintasunerako III. Planean jasotako helburuak betetzeko zuzendutako ekintza da hau, berdintasunaren arloan urratsak eta aurrerapausoak ematen joateko helburuarekin.

Tailerrean parte hartzeko izena eman beharko da maiatzaren 3a baino lehen berdintasuna@errenteria.eus edo errenkoalde@errenkoalde.org emailetara idatziz.