2023ko delinkuentzia datuen txostena argitaratu dute

Urtero bezala, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen datu bateratuak jasotzen dituen Euskal Poliziaren 2023ko delinkuentzia-memoria argitaratu da. Bertan, EAEko datuak lurraldeka desglosatuta jasotzearekin batera, udalerri nagusien datuak ere ageri dira, besteak beste, Errenteriakoak.

Eskualdeko udalerrietako datuen azterketa zehatza egiteko, eskualdeko Ertzaintza eta udaltzaingoen arteko Koordinazio Batzordearen bilera egin zen pasa den martxoaren 19an. Bilera horretan parte hartu zuten, bai Aizpea Otaegi alkateak, baita Errenteriako udaltzain-buru Iker Gonzalezek ere.

Memoriak jasotzen dituen Errenteriari buruzko datu eta informazio nagusiak partekatu eta aztertu ziren udal alderdi guztiekin pasa den apirilaren 24an egin zen Segurtasun Mahaiaren bileran.

Oro har, arlo gehienetan hobera egin bada ere, aipagarria da ziberdelituen gorakada nabarmena.

Bilakaera positiboei erreparatuz, familia-eremuko tratu txarrei loturiko arau-hausteak erdira murriztu dira. Droga-trafikoko delituei dagokienez ere, nabarmen murriztu dira Errenterian, 22 izatetik 9 izatera igaro baitira. Lapurretei loturiko delituek ere behera egin dute modu apalean. Bereziki aipagarria da, enpresetan indarra erabiliz egindako lapurretak % 85 jaitsi izana.

Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren iritziz, ohiko delituez harago, ez dago une honetan herri mailan kezka berezia eragiten duen errealitate zehatz edo foko berezirik, sexu-erasoen igoera eta ziberdelituen pisu erlatibo gero eta handiagoa ez bada, eta balioan jarri dute bien arteko koordinazioaren eta lankidetzaren garrantzia.

Sexu-erasoen kasuan, sentsibilizazio gero eta handiagoa eta lege-aldaketa igoeraren kausatzat har daitezke.

Ziberdelituen igoera esponentziala

Errenteriaren kasuan 1.000 biztanleko arau-hauste penalen kopuruak 4,5 puntu egin du gora, 41,4ean kokatzeraino. Gipuzkoako (44 puntu) eta Euskal Autonomia Erkidegoko (47,5) ehunekoekin alderatuta, emaitza hobeak ditu Errenteriak. Are gehiago, 2023ko arau-hauste penalen igoera, delitu informatikoetan emandako gorakada nabarmenaren ondorioa da, ia % 60 egin baitute gora mota horretako delituek Errenterian, baita inguruko herrietan ere. Egoera honen aurrean lanean jarraitzeko premia azpimarratu dute bai Udaltzaingoak eta baita Ertzaintzak ere.

Txostena lotura honetan deskargatu daiteke.