Eskola Agenda 2030: ikasle ordezkariek esku-hartze planaren emaitzak aurkeztu dituzte Udal Foroan

Eskolako Agenda 2030 programan parte hartzen duten ikastaldeek buru belarri aritu dira aurtengo esku-hartze planak garatzen. Maiatzaren 7an egindako Eskolen arteko Foroan ondorio guztiak ikasleen artean elkartuta, astearte honetan egindako Udal Foroan Aizpea Otaegi Errenteriako alkateari aurkeztu zizkioten emaitzak.

Hiru izan dira gauzatutako esku-hartzeak:

Oinbusa
Bizarain ikastolako, Cristobal Gamon eskolako eta Telleri-Alde ikastetxeko ikasleek eskolara oinez joateko proposamena martxan jartzeko emandako urratsak aurkeztu zituzten. Besteak beste, planoak landuz ikastetxe bakoitzeko ibilbide egokienak eta geldiuneak markatu dituzte, gurasoekin harremanetan jarri dira boluntarioak aurkitzeko eta proiektuaren logoa aukeratu dute.

Honekin, ekainaren lehenengo astean froga egin nahi dute Oinbusa datorren ikasturtean martxan jartzeko.

Herriko puntu ilunak argitu!
Bizarain BHI, Koldo Mitxelena BHI, Telleri-alde BHI eta Orereta ikastolako LHko ikasleak izan dira esku-hartze hau garatu dutenak. Lehenengo foroan adostutako galdeketa herritarren artean zabaldu eta 763 erantzun jaso zituzten. Ondoren, bigarren foro bat behar izan zuten emaitza horiek aztertzeko.

Auzoka banatuta, inkesta erantzun duten herritarren iritziak azaldu zituzten udaletxean: % 50 inguruk diote beraien auzoa nahikoa argitasun badagoela, baina hainbat txoko aipatu dituzte hobeto argitzea komeni direnak. Orokorrean, herritarrek argi horia baino zuria nahiago dute, kalean segurtasun sentsazio handiagoa ematen duelakoan.

Komunitate energetikoak
Oreretako DBHko eta Egiluzeko ikasleak aztertutako esku-hartzea izan da honakoa. Batzuk energia berriztagarrien inguruan lanketa sakona egin zuten bitartean, besteek Errenteriko EKIHERRI komunitate energetikoko ordezkariekin harremanetan jarri ziren. Helburua: beraien jarduna herritarren artean zabaltzen laguntzea.

Egindako lanketarekin bat, alkateari hurrengo eskaerak luzatu zizkioten:
• Oinbusa martxan jartzeko laguntza izatea.
• Herriko puntu ilunen diagnostikoa berraztertzea.
• Energia berriztagarrien zabalpenarekin jarraitzea.

Esku-hartze planen helburuetako bat landutako informazioa herritarren artean zabaltzea da. Horregatik, ekainaren 10ean ikasleek Zumardiako azokan postu bat jarriko dute gerturatzen direnei haiek egindako lanen emaitzak helarazteko.

Alkateak biziki zoriondu zituen Udal Foro honetara hurbildutako ikasleak, egindako lan sakona goraipatuz. Bertan jasotako guztia aztertuko dutela erantzun zien, eta datorren ikasturtearen hasieran berriro elkartzeko gonbita luzatuz itxi zuen saioa.