Bihar hasiko da Touring KE-k antolatutako Kirol Kultur Astea

 

Duela urtebete Touringeko zuzendaritza talde berriak ardura hartu zuenean hainbat lan ildo eta konpromezu jakinarazi zituen, tartean, giza-baloreak sustatzea eta portaera-kodea adostea.

Helburu horiek lortzeko bidean Kirol Kultur Astea antolatu dute, bihar hasi eta datorren osteguna arte hainbat ekimen bilduko dituena.

Klubeko bazkariak emango dio hasiera ekimen honi, klubeko 300 neska-mutil baino gehiago elkartuko dira bihar, larunbata, 14:00etan, Koldo Mitxelena plazan.

Ekainaren 25erako, asteartea, mahai-ingurua antolatu dute: ‘Biolentzia oinarrizko futbolean. Giza baloreen transmisioa’. Xenpelar Etxean izango da, 19:00etan.

Mahai-inguru hau antolatzeko honako arrazoi hauek dituela adierazi du kirol elkarteak:

-Gaur egun futbolean ematen den biolentziarekin, batez ere ahozkoarekin, kezkatuak eta sentsibilizatuak daudelako eta Touringek aportazio hau egin nahi izan dutelako.

-Futbolean maila desberdinetan ematen den gaitz bat bada ere, oinarrizko futbolean zentratu nahi izan dute. Guztiak onartezinak eta justifikatu ezinak izanagatik maila honetan ematen direnak oraindik lotsagarriagoak baitira.

-Horretarako txikitatik edo hastapenetik haurrei transmititu behar zaizkien balioak bultzatu eta sustatzeko bideak landu nahi dituzte.

Asteazkenean, ekainaren 26ean, ‘Jokoz kanpo’ antzezlana ikusteko aukera egongo da 19:00etan Niessen Kulturgunean. Publiko helduari zuzendutako komedia honek futbolean ohikoak diren egoeren inguruko hausnarketa eragingo du ironiaren eta barrearen bidez.

Sarrerak 5€an salduko dira, eta biltzen den dirua Mindara Elkarteari bideratuko diote.

Egitarauari amaiera emateko, ekainaren 27an, osteguna, 50 urtez klubeko bazkide izan direnei omenaldia egingo diete. Guztira 21 bazkide omenduko dituzte Xenpelar Etxean 19:00etan egingo duten ekitaldi honetan.

Mindara Elkartearekin hitzarmena

Touring KE-k Campus Bautista ekimena antolatu du eta Mindara Elkarteko kide diren gaztetxoek hainbat kirol ekimen egingo dituzte campusean parte hartzen duten Touring-eko neska-mutilekin. Horren helburua da inklusibitatea eta sentsibilizazioa lantzea.