San Marko gotorlekua apirilaren 14ean, osteguna, irekiko da eta bisita gidatu berri bat eskainiko du

• Gotorlekua Aste Santuan (apirilaren 14tik 18ra) eta asteburu guztietan bisitatu ahal izango da

• Bisita gidatu berri batek gotorlekua eta bere ingurunea aztertuko ditu ikuspegi globalago batetik

San Marko gotorlekua Oarsoaldeko begiratoki nagusia da, zalantzarik gabe, eta bertatik Kontxako, Pasaiako eta Txingudiko badiak ikus daitezke.

Bi urtez ekainetik urrira irekita egon ondoren, denboraldi honen hasiera Aste Santura aurreratuko da eta ekainaren 19a arte asteburu guztietan egongo da zabalik. Irekiera goiztiar honekin batera kultur eskaintza berri bat dator, gotorlekuaren historia beste ikuspuntu batetik berraurkitzeko aukera emango duen bisita gidatua.

Bisita berri honek San Marko mendia eta Bizarainen magala koroatzen duen leku magiko honetako txoko guztiak arakatzen ditu. Horri esker, denboran atzera bidaiatu ahal izango dute bisitariek, eta gotorlekua ezagutzeaz gain, Errenteriako zein Oarsoaldeko biztanleriaren nortasuna osatu duten mugarri historiko garrantzitsuenak ezagutuko dituzte. Baita bertan eskaintzen diren baliabide kultural anitzak ere.

Gainera, hilabete honetan San Marko Gotorlekuan erakusketa bat irekiko da eta laster emango du Udalak horren berri.

Egun-pasa egiteko espazio ludiko-kultural aproposa

Naturaz inguratuta eta Lau Haizeta Parke Naturalaren barruan, San Marko gotorlekua egun-pasa egiteko egokia den espazio ludiko-kultural bateko ekipamenduaren parte da.

Errenteriatik eta Pasai Antxotik 5 kilometrora dago, Lezotik eta Pasai San Pedrotik 6 kilometrora, Oiartzundik eta Pasai Donibanetik 7 kilometrora eta Donostiatik 8 kilometrora. Oinez, zaldiz edo mountain-bikean irits daiteke. Gainera, jende guztiarentzat irisgarria da, aparkaleku propioa eta igogailua baititu.

Gotorlekua Aste Santuko egun guztietan irekiko da (apirilaren 14tik 18ra) eta astebururo ekainaren 19ra arte, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Data horretatik aurrera irekiera-egunak moldatuko dira. Sarrera doakoa da, baita bisita gidatua ere. Bisita gidatuen ordutegia honako hau da: euskaraz, 10:00, 12:00 eta 16:00; gaztelaniaz, 11:00, 13:00 eta 17:00. Aldez aurretik ez da erreserbarik egin behar, baina bisita taldean egin nahi izanez gero, aldez aurretik harremanetan jartzea gomendatzen da, turismoa@errenteria.eus helbidera idatziz edo 943 44 96 38 zenbakira deituz.

San Marko gotorlekuaren historia

Hasiera batean gotorlekuaren funtzioa Pirineoak gotortzeko plan orokorraren baitan proiektatu zen, Oiartzun aldeko gotortze ala lubakitze atalean, Pasaiako Portuko eremu estrategikoa eta hurbileko komunikazio-bideak babesteko, mugatik iritsitako inbasioen aurrean.

Asmo horri, ordea, beste bat nagusitu zitzaion: barne gatazka. Estatu berriaren aurkako altxamenduak kontrolatzea, gerra karlisten ondoren, hain zuzen ere.
1888ko abuztuaren 25ean inauguratu zen, Guadalupe edo Txoritokietako eraikinak baino lehen eraiki zen. Erabilera edo izaera militarra izan du ia ehun urtez izan du, 1970. urtera arte. 1992an, berriz, Udalak eskuratu zuen.

2008an Museografia eta Museologia Proiektua jarri zen abian, eta horri esker XIX. mendeko San Marko gotorlekuaren jatorrizko jarduera erreproduzitu ahal izan zen. Bisita gidatu hori modu autonomoan egiteko mantentzen da, beheko obran jarritako panelen bidez.