Errenteriako bisita gidatuak webean bildu dituzte

20160408_120706_001Gaur, apirilak 8, ostirala, bisita gidatuen programa aurkeztu du Garazi Lopez zinegotziak (Artxibo eta Liburutegien arduradunak) Errenteriako Udalean. Berez, herri guztiz turistikoa ez bada ere, herriko biztanleentzat zein kanpotik datozen bisitarientzat programa interesgarriak daude Errenterian. Orain, programa horiek guztiak webean bildu dituzte.

Lana, hala ere, ez dago amaitua. Bisita gehiagoren programen gidoiak idazten jarraitzen dutela esan zuen prentsaurrekoan Lopezek, tartean industrializazioari buruzko bat eta literaturari buruzko beste bat.

Bisita gidatuak doakoak dira eta ikasle zein mota askotako elkarte eta entitateei eskaintzen zaizkie (kulturalak, hirugarren adinekoak eta abar). Izena emateko 943 449610 telefono zenbakira dei daiteke edo archivo@errenteria.eus helbidera mezu elektronikora bidali.

Egin klik hemen weba ikusteko.bisita gidatuak Hona egin daitezkeen zenbait bisita didaktiko:

  • Egun batez batzarkide: udaletxea eta honen funtzionamendua (5-10 urtekoei zuzendutako bisita-tailerra)
  • Errenteriako 5 ateen bila (8-12 urte edo adin horretako umeak dituzten familiei zuzendutako pista-jokoa)
  • Errenteria itsas hiria: Errenteriako Erdi Aroko eta Aro Berriko historia (13 urtetik gorakoei zuzendutako bisita gidatua)

Horretaz gain, urtean zehar, bisita hauek modu puntualean herritarrei oro har eskainiko zaizkie (bi hilabetean behin erroldatu berrien ongi etorri saioekin batera, iraileko Atlantikaldian eta urriko-azaroko Bertatik bertara, ondarea ezagutzen proiektuaren barne). Helburu horrekin, dei zehatza egingo da komunikabideen bitartez.

Liburutegia: Zerbitzua ezagutarazteko asmoz, Errenteriako udal liburutegiak adinez ezberdindutako bisita gidatuak eskaintzen ditu dohain. Horietan instalazioak, funtsak, katalogoaren erabilera, liburutegi digitala zein bertan egiten diren ekitaldiak ezagutuko dira. Bisita horiek egiteko 943449635 telefono zenbakira deitu edo liburutegi@errenteria.eus posta elektronikora mezua bidali daiteke.

Ondare naturala eta paisaiak: Hauek dira Udalak hainbat eragile publiko eta pribaturekin udan antolatzen dituen bisita gidatuak: Aiako Harria Natur Parkearen organo kudeatzailea, GPS Fundazioa, Felix Ugarte Espeleologia Elkartea, Aranzadi Zientzia Elkartea eta abar. Helburua da natur ingurunearen erabilera publikoa sustatzea, modu ordenatu eta atsegin batean eta, horretaz gain, Errenteriako ondare natural, bioaniztasun eta paisaiari buruz ikastea, batez ere babestutako eremuez, hala nola Lau Haizeta Parkea eta Aiako harriaren Natur Parkea eta Aiako Harria Kontserbazio Bereziko Eremua, azkena Natura Sarea 2000n sartua. Data eta prezioen inguruko informazioa udal web orrian dago eskuragarri.

  • Añarbeko Erreserba eremua
  • Aizpitarteko haitzuloetako aztarnak
  • Lau Haizeta parkea eta Sanmarko gotorlekua
  • Malbazarko hezegunea, anfibioen bizilekua

Horretaz gain, udan Udako abenturak Listorretan izeneko bisitak antolatzen dira. Izena emateko 943495069 edo 688895068 telefono zenbakietara deitu edo arditurri@gipuzkoamendizmendi.net posta elektronikora mezua bidali daiteke. Bisiten prezioa 16 eta 20 euro bitartekoa da. Udako bisitak hauek dira:

  • Aizpitarteko kobetara irteera
  • Aizpitarteko lehen gizakia, historiaurreko bizimoduak,
  • Saguzarrak hurbiletik irteera.

Libreki egiteko txangoak ere proposatzen ditu webak.