“Emakumea eta Euskal Pilota” erakusketa ikusgai Merkatuzarren

emakumea_euskal_pilota2XX.mendean munduko kantxarik garrantzitsuenetan ibili ziren emakumeak omendu nahi ditu Udalak erakusketa honekin. Eta bihar 17:00etan irekiko ditu ateak Merkatuzarreko Jose Luis Caso Aretoan. Urriaren 28ra bitarte egongo da zabalik, astelehenetik larunbatera 17:00etatik 20:00etara. Bizkaiko Foru Aldundiak ekoitzi du eta Gipuzkoan ikusgai egongo den lehenengo aldia izango da.

Erakusketak bost atal ditu: sakea, tanteoa, kantxa, kontrakantxa eta hemen eta orain. Zenbait objektu daude ikusgai, esaterako, erraketak, pilotak, erraketisten jantziak, argazkiak eta kontratuak. Horiek denek erraketistek munduko kantxetan izan zuten presentziaren berri ematen dute.

Ezkutuan egondako emakumeak

Beste hainbat alorretan gertatu den moduan, emakume erraketistak ezkutuan egon dira denbora luzean. Hori aldatu nahian, eta “emakumeen ahalduntzea eta errekonozimendua lortzeko bidean”, pasa den uztailean Fanderiako frontoiari “Agustina Otaola, Raketista Profesionala” izena jarri zion Udalak. Horrela, Errenteriako frontoi hori emakume profesional baten izena duen lehenengo frontoia izatera pasa zen.

Bide berean, frontoiari izena aldatzearekin batera, Agustina Otaola berari eta beste hainbat erraketistei omenaldia egin zion Errenteriako udalak. Emakume horien jarduna itzalpetik argitara ateratzeko lanean jarraitu nahi duela adierazi du udalak eta “Emakumea eta Euskal Pilota” erakusketa testuinguru horretan ekarri dute Errenteriara.

Gainera, urriaren 22an 18:30ean erakusketan bertan Agustina Otaolak eta munduko palista txapelduna den Maider Mendizabalek hitzaldia emango dute.

Ondorengo bideoan pasa den uztailaren 23an Otaolari eta gainerako erraketistei egindako omenaldia duzue ikusgai: