Euskararen egunerako egitarau zabal eta bateratua antolatu dute

euskara_egunaAbenduaren 3an ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna, baina Errenterian eguneko festa luzatu eta egitarau zabala antolatu nahi izan dute. Egitarau “bateratu eta bakarra” osatu dute. Hala adierazi du Aitzol Perez De San Roman Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneko kideak. Egitaraua aurkezten izan dira Aitzol bera, Joxe Mari Jauregi udaleko euskara teknikaria, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneko lehendakari Xixilio Maritxalar, elkarteko kide Haizea Cuesta, Xenpelar AEKko Borka Arbelaitz eta Garazi Lopez de Etxezarreta euskara zinegotzia.

Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunea aritu da koordinazio lanetan, eta Perez De San Romanek adierazi duenez “batasun irudia” eman nahi izan dute egitarau bateratuarekin. Aurtengoan enfasia ikastetxeetan ipini dutela azaldu du, baina euskararen alde jarduten diren eragile guztiak elkarlanean jartzea da euren asmoa. Zentzu honetan, Garazi Lopez de Etxezarretak gaineratu du “bide hau indartzen” jarraitzea beharrezkoa dela.

Hainbat ekintza dira egunaren harira antolatu direnak. Koldo Mitxelenari buruzko erakusketa, DBHko ikasleentzako izan diren “Baga biga higa” emanaldiak, Oarsoarrak saria, Ahotsak proiektuaren aurkezpena, “Beltzean mintzo” dokumentalaren proiekzioa, mintzodromoa, kantu-jira berezia, koreografia edota abenduaren 3ko ekitaldia bera. Ekitaldian, ikasleen mezuak zabalduko dituzte, eta sorpresa moduan gauza handirik aurreratu nahi izan ez badu ere, “suaren inguruan” zerbait egiteko asmoa dutela esan du Perez de San Romanek. Ikasleak ekitaldia baino lehen egingo den koreografia lantzen ari direla ere esan du, baina “denentzako ekintza” da, ez soilik ikasleentzako.

“Ahotsak” proiektua

1908tik 1942ra bitarte jaiotako 46 lagunen elkarrizketak bildu dituzte proiektu honetan. Abenduaren 1ean pleno aretoan aurkezpena egingo da eta Lopez de Etxezarretak aipatu du omenaldi txiki bat egin nahi dietela guzti horiei. Proiektuarekin Errenteriako “ahozko memoria” gordea geratuko dela gaineratu du.

Euskarak #365egun

Gaurkoan herritar guztiak ekintzetan parte hartzera eta urte guztian zehar euskara bultzatzera gonbidatu dituzte. Zentzu honetan, sare sozialetan Topaguneak proposatutako Euskarak #365egun traola erabiltzera ere animatu ditu herritarrak Perez de San Romanek. Era berean, “Euskaraz Bizi nahi dut” leloak udaletxeko balkoian bere tokia izango duela azaldu du Lopez de Etxezarretak.

Egitaraua:

 euskararen eguna