Egitarau zabala martxoaren 8aren bueltan

Martxoaren8aPixkanaka gerturatzen ari da martxoaren 8a, emakume langilearen nazioarteko eguna, eta honen harira hainbat emakume talde eta talde feministek Berdintasun Kontseiluarekin batera egitarau zabala eta aberatsa antolatu dute. Xehetasun guztiak atzo aurkeztu zituzten taldeetako ordezkariek eta Garazi Lopez de Etxezarreta berdintasun zinegotziak.

Otsailaren 29an emango zaio hasiera egitarauari Xenpelar Etxean 18:00etan Emaginek emango duen “Gure genealogia feministak” hitzaldiarekin. Martxoaren 5ean VI.Mariasun Landa Sarien Banaketa izango da 12:00etan Xenpelar Etxean. Sariak nork eskuratuko dituen aurreratu ezin badute ere, Lopez de Etxezarretak aditzera eman zuen Sorkunek musika emanaldi txiki bat eskainiko duela. Sorkunen bizitza artistikoa jasotzen zuen lanak aurreko edizio bateko sarietako bat eskuratu zuen, hain justu.

Martxoaren 12an 12:00etan, berriz, Kolpe Morea talde feministak, Elhuyarrek eta Berdintasunerako Azpisailak elkarlanean Bizentaren Lumak “solas-jolasa” antolatu dute. Koldo Mitxelena ikastetxeko patioan 60 bat gaztek feminismoaren inguruan hausnartuko dute karta jolas batekin. Egun berean, baina arratsaldeko 15:30ean Reina aretoan “emakume musulmanak gaur egungo gizartean” hitzaldia izango da. Urratsa Emakume Elkarteak eta Bidaya Elkarteak antolatu dute eta hizlari moduan Hajar Samadi eta Hana Yousefi arituko dira.

Urratsa Emakume Elkarteak era berean emakumeentzako jaialdia ospatuko du Niessen Aretoan martxoaren 19an, larunbata, 14:30-18:30 bitartean. Bertan kantuak, emanaldia, dastaketa… izango direla aurreratu zuten elkarteko kideek.

Zinema eta erakusketa

Martxoaren 23an Bidez Bide eta Mikelazulo Kultur Elkarteak antolatuta zineforuma izango da 19:00etan Mikelazulon bertan. “Compañeras de viaje” dokumentala aurkeztuko dute. Amalatz Talde Feministak, berriz, Emakumeen XII.Zine Emanaldia antolatu du. Lau egunetan zehar 18:00etan 2 euroren truke Niessen aretoan lau pelikula ikusi ahal izango dira. Otsailaren 25ean, martxoaren 3an, 10ean eta 17an, izango dira emanaldiak eta “La familia Belier”, “Pride”, “Las buenas compañías dokumentala/ “Big Eyes”, eta “La Verdad Oculta” proiektatuko dituzte, hurrenez hurren.

Kultur Aniztasuneko azpisailak ere erakusketa antolatu du Xenpelar Etxean martxoaren 14tik 31ra bitarte. Azken egun honetan bisita gidatua izango da. “Emakumeen Lege Iraultzailea”ri buruzko erakusketa izango da, Lumaltik Herriak Elkarteak sortutakoa.

Martxoak 8

Emakumearen egunean bertan ere ez da ekintzarik faltako Errenterian. Auzoetako emakume elkarteek urtero egun honen bueltan egin ohi duten emanaldia eskainiko dute Galtzarabordako Kiroldegian. 17:30ean hasiko da jaialdia eta atzo azaldu zutenez, aurten “emakumea historian” gaia landuko dute. Auzo bakoitzak historiako emakume ezagun bat irudikatuko duela aurreratu zuten. Jarraian, eta kiroldegitik bertatik Oarsoaldeko Mugimendu Feministak deituta manifestazioa aterako da 19:30ean. Oraindik ere emakumeek kalera atera, egun hau ospatu eta baita aldarrikapenak egiteko arrazoi ugari dituztela gogorarazi zuten mugimendu feministako kideek.

Herritarrei antolatutako ekintzetan parte hartzeko deia luzatu zuten atzokoan. Eta gogorarazi zuten, atzo aurkeztutakoez gain, zenbait taldek egitarau propioa landu dutela.