Lurraldebusek linea berria izango du Errenteriatik ospitaletara

Alaberga | Beraun | Fanderia | Gabierrota | Galtzaraborda | Igantzi | Kaputxinoak | Lartzabal | Pontika 2017-03-31 | 0

autobusaUdalak jakinarazten du Lurraldebusek laster aldaketak egingo dituela ospitaletarako garraio publikoko lineetan, eta gure herrian eragina izango dutela.

Udalak eskatu zionez Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari estaldura handiagoa emateko ospitaletarako zerbitzuari, ibilbide hori luzatzeko eta hobetzeko, aldaketa honek eskaera horri erantzuten dio neurri batean. Eskatu genuena izan zen ospitaletarako estaldura zuzena ematea, batetik, zerbitzua udalerriaren mendebaldera zabalduta Alaberga, Beraun, Galtzaraborda, Igantzi, Kaputxinoak eta Pontika auzoetara, eta, bestetik, Oiartzundik aterako den linea berria abian jartzeko, Fanderia, Gabierrota eta Lartzabal auzoetako eskaerei erantzuteko.

Aipatutako eskaerari eman dioten erantzuna izan da apirilaren 3tik aurrera gutxituko dela Iztietatik abiatzen den E06 linearen maiztasuna eta E15 linea berria jarriko dela Alaberga, Beraun, Galtzaraborda, Igantzi, Kaputxinoak eta Pontika auzoei zerbitzu emateko, baina aldi berean erdiguneari ere zerbitzu emango diona Aralar plazako geltokiaren bidez. Horrez gain, zerbitzu hau zuzena izango da; hartara, azkarragoa izango da eta, Miramoneraino iritsiko denez, auzokoen beste eskaera bati erantzungo dio: garraio publikoa Poliklinikaraino iristea.

Oiartzundik atera eta Fanderia, Gabierrota eta Lartzabal auzoei zerbitzu emango dien lineari dagokionez, momentuz ez dago berritasunik, eta esan digute erabiltzaileek Iztietan eta Kaputxinoetan aldaketa egiten jarraitu beharko dutela; gainera, Kaputxinoetan San Pedrotik ospitaletara doan linea ere har dezakete.

ez dago iruzkinik oraindik.

Utzi erantzuna