Udalak ZU! Zure Udala leihatila bakarreko herritarren arreta zerbitzu berria ireki du

ADN | Gardentasuna | Plan estrategikoa | Udal antolamendua 2018-02-16 | 0

Julen Mendoza alkatea ZU! zerbitzuko lehendabiziko txartela ateratzen.

Bi urte luzez egindako barne lanaren ondorio, astelehenean, otsailaren 19an, herritarren arreta zerbitzu berria abian jarriko da. Honi esker herritarrek tramiteak  modu erosoagoan egin ahal izango dituzte, puntu bakar batean eta ordutegi zabalagoan, arratsalde batzuetan ere irekita egongo delako.

Gaur aurkeztu dute astelehenean martxan jarriko den zerbitzua. Julen Mendoza alkateaz gain, zinegotziak eta alderdi guztietako ordezkariek parte hartu dute aurkezpenean, baita udal langileek ere. ZU! zerbitzuarekin “aro berri bat hasten da, eta ilusioz hasiko dugu”, adierazi du alkateak. Eskerrak eman dizkie beste erakundeetatik etorri diren ordezkariei, baita langileei ere.

Ongi konektatutako herria sortzea zen Errenteria 2025 Plan estrategikoak bere egiten zituen lan ildoetako bat. Beste hainbat aspekturekin batera, erronka honek behartu zuen udala herritarrekin erlazionatzeko erabiltzen duen antolaketa eredua eta sistema telematikoa auzitan jartzera. Hausnarketa horretatik jaio zen herritarren arreta zerbitzu integral bat abian jartzeko beharra.

Udalak 2015eko irailetik darama barne lanetan, besteak beste, banan-banan errebisatu ditu egin daitezkeen 200etik gora tramiteak. Esaterako, espediente elektronikoa txertatzea zein beharrezko azpiegitura teknologikoak ezartzea ere aurki daitezke egindakoen artean; horiek guztiak, 2018ko hasieran errealitatea den ZU! zerbitzua martxan jartzeko.

Ordutegi zabalagoa, erosotasuna, leihatila bakarra

Sail guztien inplikazioa eskatu du  ZU! Zure Udala zerbitzua berria irekitzeak. Bere ezaugarriak leihatila bakarra, ordutegi zabalagoak, erosotasuna eta atentzio pertsonalizatua direla.

Honegatik guztiagatik ZU! Zure Udala herritarrentzat erreferentziazko gunea bilakatuko da, edozein tramite administratibo bideratu ahal izango baitute puntu bakarrean eta modu erosoagoan.

ZU! Zure Udala zerbitzuarekin salto kualitatibo bat emango da herritarrei arreta emateko moduan, besteak beste, tramite guztietan formatutako zortzi pertsonen bidez emango delako arreta. Horretaz gain, espazio fisikoa ere moldatu da, herritarra behar duen moduan artatuta izan dadin, eserita, eroso eta era pertsonalizatuan.

Honi guztiari ordutegiak zabalagoak izango direla gehitu behar zaio. Herritarrei arreta emateko ordutegia 07:30etik 15:00etara izango da astelehen, asteazken eta ostiraletan; eta 07:30etik 20:00etara, berriz, astearte zein ostegunetan, arratsaldez arreta jasotzeko eskaerari erantzunez.

Horrez gain, zortzi arreta guneetako bakoitzean ordainketa-pasabidea instalatu da; hartara herritarrek bankura joateko beharrik gabe ordain ahal izan dezaten, beraien finantza entitatea edozein dela ere.

Azken buruan, jarduera administratiboaren eta politikoaren erdigunean herritarra eta bere beharrak jarriko dituen espazioa irekiko du Udalak. Lan hau gauzatzeak ahalegin handia ekarri du antolaketari dagokionez. Fisikoki zortzi udal-sail tokiz aldatu dituzte. Zerbitzu filosofiara eta garai berrietara egokitzea apustu handia izan da teknologiaren alorrean. Eta, azkenik, lan eskerga egin da udal prozedurak arrazionalizatu eta aldatzeko, beti ere errenteriarren hobe beharra gogoan.

Informazioaren Gizarte eta Herritarren Parte-hartzerako zinegotzi Eñaut Graciari Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa:

 

No comments yet.

Utzi erantzuna