Ostarik edalontzi berrerabilgarrien kanpaina jarri du abian, Madalenetan eta gainerako jaietan hondakin plastikoen sorrera murrizteko

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Yolanda Martin, Ingurumen zinegotzia; Fernando Cuellar, Ostariko kidea, Maika Martin, Errenkoalderen lehendakaria; Itsaso Garayar, Ostariko kidea, eta Leire Mazizior, Garapen Ekonomikoko zinegotzia

Madalenak ate joka ditugula, Ostari ostalaritza elkarteak Udalaren laguntzarekin martxan jarri duen kanpaina aurkeztu du, festetan hondakin plastikoak murrizteko, edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatzeko sentsibilizazioaren bidez.

Horretarako, 10.000 unitate ekoiztu dituzte eta Errenkoaldeko lokalean egongo dira eskuragarri, ostalariek bertan jaso ahal izan ditzaten. Elkartekide ez diren ostalaritza-establezimenduek ere eskuratu ahal izango dituzte, eta, beraz, ostalariren batek interesa badu, kostu-prezioan eskuratu ahal izango ditu.

Errenkoalderen ordutegia 9:30etatik 16:00etara da.Ekimen honetan parte hartzen duten establezimenduak argazkian ikus daitekeen kartelarekin seinaleztatuta egongo dira, eta kontsumitzaileek tabernetan eskuratu ahal izango dituzte edalontziak, 50 zentimoan.

Ostariren ordezkariek adierazi dutenez, “badakigu bidea luzea izango dela, baina pixkanaka, erabilera bakarreko edalontziak erabiltzeari uzteko pausuak ematen hasteko momentua dela uste dugu. Guztion artean egin behar dugu bide hori; beraz, gure bezeroak ere gure trenera igotzea espero dugu”. Kanpaina Madalenetan abiatuko bada ere, nabarmendu dute asmoa dela herritarrek edalontziak gorde eta etorkizunean Atlantikaldia, Santo Tomas, Sagardo Eguna eta gainontzeko jaietan ere erabiltzea.

Bestalde, Yolanda Martin Ingurumen zinegotziak honako hau gaineratu du: “Azken urteotan, beherakada txiki bat sumatu da herritarren artean hondakinen kudeaketari buruzko datuetan, eta berriz ere Udal gisa hausnarketa egin beharko genuke konpromiso hori berreskuratzeko eta berpizteko. Denok ezagutzen ditugu ildo horretan estrategia markatzen duten hiru lerroak: murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea. Kanpaina honekin, Madaleletan, alderdi horretan eragiten jarraitu nahi dugu, Ostari eta Errenkoalde bidelagun, eta uste dugu modu egokia dela errealitate hori ikusarazteko zein herritarrak gonbidatzeko ingurumena gehiago errespetatzen duten festetan parte hartzera, hondakinen sorrera eta klima aldaketan dugun eragina murriztuz.