Pasaiako portuan kutsaduraren aurkako neurriak hartzeko eskatu dute

Donostia, Lezo, Pasaia eta Errenteriako udalek Pasaiako Portuan sortzen den kutsaduraren aurkako neurriak hartzeko bilera bat burutuko dute gaur eta 2000. urtean sortutako Erakundearteko Lantaldea martxan jartzearen alde egingo dute instituzioen elkarlana sustatzeko.

Pasaiako udaletxean pasa den abenduaren 26an egindako agerraldian Julen Mendoza (Errenteria), Juan Karlos Izagirre (Donostia) eta Amaia Agirregabiria (Pasaia) alkateak kezkaturik agertu ziren portuko aktibitateak ingurugiroan eta portu inguruko biztanleen bizi-kalitatean sortzen dituen arazoekin.

Honek etengabe sortzen ditu biztanleen salaketak, baita erakunde ekologistenak eta sindikatuenak ere. Kexa hauek ez dira portuaren jarduerari buruzkoak, baizik eta jarduera hauek egiteko moduari lotutakoak.

Horregatik, eragin kaltegarriak jasaten dituzten herrietako alkate gisa , eskatu zuten ingurugiroari eta herritarrei kalte gutxien egiteko moduko neurri zuzentzaileak aplikatzea, eta horretarako dei egin zieten inplikatutako erakunde guztiei neurri efektiboak aurrera eramateko elkarlanean aritzera.

Bide horretan, 2000. urtean sortutako Erakundearteko Lantaldea martxan jartzea eskatuko dute gaurko bilkuran. Talde honetan, aipatutako herrien ordezkarietaz gain, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetza, Gipuzkoako Osasun Publikoaren Zuzendariordetza, Laneko Segurtasun eta Higienearen Kabinetea, Pasaiako Portua eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritza daude, guztiak gaurko bilerara deituak.