Mari Carmen Marquezen familiaren kaleratzearen inguruko batzordea eratzea onartu du Errenteriako Udalak

Bidearen Bidean | Udal antolamendua 2012-02-29 | 2

Aho batez onartu dute Errenteriako Ezkerra udal taldeak Mari Carmen Marquezen familiaren kaleratzearen aurka aurkeztu duen mozioa. Jose Manuel Ferradasek kaleratzeen kontua “arazo soziala” dela garbi utzi nahi izan du, eta hori baieztatzen duten hainbat datu eman ditu: “Une honetan 135.000 familia dira antzeko egoera baten magalean daudenak”. “Udalak bere elkartasuna adierazi eta gauzak beste modu batera” egin daitezkeela azpimarratu du.

PPko zinegotzi Jose Maria Herzog-ek “Izebergaren puntatzat” jo du kontua. “Gu legearen alde gaude, baina kasu batzuetan zorrotzegia da.” Bere hitzetan, “PSOE-k ez du ezer konpondu [Madrileko gobernutik]. Gu horrelako egoerak ekiditeko bultzada fiskalak eskaintzen ari gara”.

EAJ-k, aldiz, mozioari batzordea osatzeko proposamena gehitu dio. Horrela, gainontzeko taldeen adostasunarekin, Kutxabank, Errenteriako Udala eta kaltetuek osatutako batzorde mistoaren sorrera proposatu dute. Julen Mendoza alkatea, batzorde horretan udalaren izenean legokeena bere esku “dagoen guztia egiteko prest” azaldu da “kaleratzea gauzatu ez dadin”.

Bildutik, Luisma Diez-ek hainbat zenbaki adierazgarri mahai gaineratu ditu: “Kutxako Presidenteak urtean 380.000 € irabazten ditu, BBK-koak 514.900; estatu mailan, Rodrigo Ratok 2.300.000 eta Emilio Botinek 3.800.000. Kutxako kontseilariek, urtean, bileretara joate hutsagatik 24.000 € irabazten dute. “ Luisma Diezek adierazi du arazoa “eskubideei dagokiena, soziala eta ekonomikoa” dela. “Kaleratzeak gera daitezke, Berriozarren duela gutxi herri plataforma batek egin duen bezala”.

Azkenik, “STOP desahucios” plataformako kide batek hartu du hitza: “Mari Carmen-en kasua herri mobilizazioei esker atera da argitara” adierazi du. “Ostiralean beste pertsona baten etxea enkantean jarri dute” azaldu du eta mobilizazioak iragarri ditu datozen egunetarako, eta alderdiei mobilizazio horietan parte hartzeko eskatu die.

Herribizia.errenteria.net-en laster izango duzue ikusgai Mari Carmen Marquezi egindako elkarrizketa.

Oro har, adostasuna izan da nagusi otsaileko Udalbatzan. Honela, bozkatu diren puntu guztiak aho batez onartu dira Udalerri eta Probintzien Espainiako Federazioan (FEMP) baja emateari zegokiona izan ezik. Puntu honen ingurukoa izan da, hain zuzen ere, bilkurako eztabaidarik luzeena:

Errenteriako Ezkerrako Jose Manuel Ferradas ados agertu da Espainiako Udalen %90 biltzen dituen erakundearen erabilgarritasun ezarekin. Baina zalantzati galdetu du proposamenaren azpian “kontu identitarioak” ez ote dauden, eta “Espainiako”  Federazioa izan ez balitz, baja ematea proposatuko litzatekeen. Horren harira, azpimarratu nahi izan du “Errenteriaren errealitatearen aniztasuna, eta Espainiako beste herriekin elkarlanean aritzeari muzin ez egiteko” eskatu du.

Jose Maria Herzog Partidu Popularreko ordezkaria ez da bat etorri proposamenarekin. “Ez da momentua, eta gainera Bilduk enfrentamenduaren irudia ematen du erabaki honekin”, azaldu du. Bere ustez “Urtean 2000 euro baino ez dira horretara bideratzen, eta FEMP-ek bere zerbitzua eskaintzen du; gainera, EUDEL-en osagarria da”.

Eusko Alderdi Jeltzaletik, Maite Peñak “FEMP eta EUDEL-en artean funtzio bikoizketa” dagoela adierazi du. “Garbi dago, bietatik EUDEL dela ekarpen handiena egiten diguna” azpimarratu du. FEMP-en egoteak dakarren gastuari buruz esan du “Urteko 2000 euro horiek, gutxi izanda ere,  lana sortzeko politiketan erabiliko” direla, eta uste du ez dagoela arazorik “estatu mailako nahiz nazioarteko beste herriekin harremanetan jarraitzeko”.

PSEtik Jose Anjel Rodriguezek hartu du hitza. Bere esanetan “akats larria da FEMP-etik ateratzea. Faltsua da EUDEL-ekin funtzio bikoizketarik dagoenik”. “Espainia osoko herriak daude erakunde horretan, baita CiU, BNG, Coalición Canaria eta abarrek gobernatutakoak ere”, jarraitu du. Bere ustetan, garbi dago “erabakia ideologikoa” dela.“Errenteriak ez du beste herriek baino aukera gutxiago merezi”, hausnartu du. “Nekatuta gaude partehartzeaz hitz egiteaz eta gero bazterketa egiteaz” gehitu du.

Garazi Lopez de Etxezarreta Bilduko eledunaren hitzetan “Bikoizketa zegoen FEMP eta EUDEL-en artean, eta lehen horrek oso gutxi eman digu”. Bere ustean, “Euskal Herriko udalek ez dugu hara begira egon behar, eta EUDEL asko hobetu behar bada ere, FEMP baino hobea da guretzat”.

Julen Mendoza alkatearen arabera “ez gara estatuko inongo herrirekin harremanak hausten ari; alderantziz, estatu nahiz nazioarte mailako herriekin esperientziak partekatu nahi ditugu hainbat gauzatan, esaterako, partehartzean”.

Bozketaren emaitza honokoa izan da: aldeko 11 boto (Bilduko 8 eta EAJ-ko 3), kontrako 9 (PSEko 7 eta PP-ko 2) eta abstentzio 1 (EE).

Hurrengo proposamenak hala zioen: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Errenteriako Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena Errenteriako herri barneko garraioa Txartel Bakarrean integratzeko. Alderdi guztiek onartu dute. Herribizia.errenteria.net-en emana dugu kontu honen berri.

Zazpiak eta hogei (19:20) pasatxo zirela amaitu da osoko bilkura, hiru ordu laurden eskaseko luzera izan duena. Guztira, 20 herritar izan dira bertan.

No comments yet.

Utzi erantzuna