Irrien Lagunak ekimen parte hartzaileak harrera ederra izan du Oarsoaldean

Irrien Lagunak egitasmo herrikoi, hezitzaile eta parte hartzailearen aurkezpena burutu dute azken asteotan Oarsoaldeko udalerrietan eta, ekimen honen bultzatzaileek (Irrien Lagunak Kluba eta Sorguneak Ikertegia) ondorengo balorazioa egin dute jendartean izan duen harreraz:

“Irrien Lagunak Oarsoaldean ekimenaren aurkezpenek oso erantzun ona jaso dute herritarren partetik. Lezo, Errenteria, Pasaia eta Oiartzunen azken bi asteetan egin dira aurkezpenak, eta bildu den herritar kopuruari begiratuta, eta baita herritar horien artetik ekimenean parte hartzeko prestutasuna agertu dutenen kopurua kontutan izanda, umeentzako aisia egitarau hezitzaile eta parte hartzaile hau abian jartzeko nahikoa indar eta gogo badela argi geratu da.

Guztira, gutxi asko, lau herrien artean, 130 bat lagun izan da aurkezpenetan. Denek agertu dute interesa eta egitasmoak aurrera egin ahala informazioa jasotzeko nahia. Eta horietatik 120 lagunek parte hartzeko prest daudela esan dute. Banakako, guraso, talde, elkarte eta ikastetxeetako jendea bildu da oro bat, bai eta Udaletako hainbat agintari politiko eta hainbat alorretako teknikari ere. Gizon eta emakume, gazte eta heldu, eta baita umeren bat ere.

Oiartzunen otsailaren 23an, Errenterian 27an, Pasaian 29an eta Lezon martxoaren lehenean izan ziren Joxemari  Agirretxe Porrotx ekimenaren ‘aita’, eta Lorea Agirre eta Iñaki Urruzola Sorguneak ikertegiko kideak aurkezpenak egiten. Bertan banatu zen egitasmoaren txosten laburra, aurkezpenetako hainbat argazki eta bideo bat hemen dituzu ikusgai.

Herritarron erantzun egokiak hurrengo urratsa emateko bidea zabaldu du. Aurkezpenetan aurreratu bezala, martxoaren 24an, lau herrietako jendearentzat topaketa bateratu bat antolatuko da. Aurkezpenetan izan direnez gainera, interesa duen edonor etor liteke, topaketa irekia izango baita, Irrien Lagunak Oarsoaldean ekimena bera den bezalaxe. Datorren astean bertan izango duzue topaketaren berri zehatza”.