Mari Carmen Marquezen familiaren aldeko 2.500 errenteriarren sinadurak helarazi dizkiote Kutxabanki

Errenteriako Langabetuen Asanbladak eta Kaleratzeak STOP kolektiboak Mari Carmen Marquezen familiaren aldeko 2.500 errenteriarren sinadurak helarazi dizkiote Kutxabanki. Beraun auzoko familia hau bere etxebizitza galtzeko zorian dago erakunde finantzari honekin duen hipoteka ezin duelako ordaindu. Kaleratuak izaten badira ere, zorrak ordaintzen jarraitu beharko dute. Herri Bizian Marquezekin egindako elkarrizketa bat ikusi dezakezute bere kasuari buruz hitz egiten.

Langabetuen Asanbladak prentsaurreko bat eskaini zuen atzo Kaleratzeak STOPekin batera Beraun auzoko Kutxabanken sukurtsalean. Bertan Mari Carmen Marquezen familiari elkartasuna adierazi zioten eta bere egoera salatu zuten. “Mari Carmen eta bera bezala beste pertsona asko merkantzia balira bezala tratatuak izan dira Kutxako zuzendari batzuengatik, sarri bera umiliatuz eta mehatxatuz, utzitako zorrak berak ordaindu ezean bere semeek ordainduko zutela esanez”, gogoratu zuten prentsaurrekoan.

“Gaur Mari Carmen bada ere, bihar gutako edonor izan gaitezke. Etxebizitza duinerako eskubidea bermatzeko garaia da, hori baita etorkizunean beste inor etxetik bota ez dezaten lortzeko era bakarra”, azpimarratu zuten.

Modu berean, martxoaren 17an arratsaldeko 18:00tan kaleratzeen aurka Beraungo Pablo Sorozabal Plazatik abiatuko den manifestaldira azaltzeko deialdia zabaldu zieten herritar guztiei. Manifestaldi honekin bat egin duten kolektiboak orain arte hauek dira: Ezker Anitza,  Ezker abertzalea, Antikapitalistak, Gorripide, EA, PSE-EE, Bildu, LAB, ESK, CGT, CCOO, ELA, COBAS, Agustinak, Laguntasuna, Gaztaño, Fanderia, Beraun, Erdialde eta Galtzarabordako bizilagun elkarteak, Gipuzkoako Stop Desahucios, Errenteria-Oreretako Langabeen Batzarra, Zintzilik Irratia, Mikelazulo elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, AEK, Gazte Independentistak, Gipuzkoako DRY, Kepasakonlakasa, Asamblea por una vivienda digna, Amalatz, Bilgune Feminista eta Oreretako gaztetxea.

Prentsaurrekoa amaitutakoan sinadurak Kutxabankeko Beraungo sukurtsaleko zuzendariari helarazten saiatu ziren, baina bertako langileek azaldu zutenez, ikastaro batetan zegoen. 2.500 sinadurak langile batek hartu zituen zuzendariaren ordez. Bitartean, Ertzaintzaren hainbat patruila agertu ziren eta hiru pertsona identifikatu zituzten.

Beste sei kasu Errenterian

Kaleratzeak STOP kolektiboaren Xabier Soto kideak azaldu zuenez, jada badira kaleratzeko zorian dauden beste 6 kasu Errenterian. “Etxebizitza, eskubide bat izatetik merkantzia bat izatea baimendu eta bultzatu duen sistema baten biktima dira. Banketxe eta espekulatzaileek izugarrizko etekina atera diote egoera horri”, adierazi zuen.