Oarso aldizkarian idazteko epea zabalik da

Herri Biziaren Bidean | Kultura 2012-04-10 | 0

Udalak argitaratzen duen Oarso aldizkariaren edizio berri bat prestatzen ari da eta bertan idatzi nahi duen edonork datorren maiatzaren 15a arteko epea izango du bere idazkiak Udaletxera bidaltzeko.

Argitalpen honek Errenteriako bizitza, artea, historia eta, oro har, errenteriarrak izan ohi ditu gai nagusitzat: errenteriarren edo Errenteriako lagunen oroitzapenak (bereziki gaurkotasunarekin lotura dutenak), edo ateak itxi dituzten tradizioko saltokiak, adibidez.

Aurten “Errenteria ibilbideetan eta Ibilbideak Errenterian zehar” izango da Erredakzio Batzordeak proposatutako gaia.

Gehienez zortzi orrialde aurkeztu ahal izango dira euskaraz edo espainieraz idatziak, A4 formatuko paperean eta Times New Roman letran (12 neurrikoa). Testuan 1,5eko lerroartea erabili beharko da.

Grafikoak, irudiak eta taulak testuan kokatu behar dira eta bakoitzak bere oina izango du. Bertan argazkilaria edo egilea eta irudiaren azalpena gutxienez jasoko dira. Argazkien gutxieneko kalitatea 300 ppp-koa izango da, tif edo jpg formatuan. Gainera, argazkiak txertatu egin beharko dira, era berezian eta testu dokumentutik aparte,
posta mezuan edo testu-fitxategiko CD batean.

Artikulu egilea entregatutako lanarekin batera doan ilustrazioen ustiapen eskubideen titularra izango da (edo egile/titularraren baimena izango du argitalpen honetan lagatzeko), baita horietatik sor daitezkeen irudi-eskubidearenak ere.

Egileak lana emateak eta Erredakzio Batzordeak hau onartzeak artikulua lagatzea dakar, hainbat udal hedabidetan argitaratua izan dadin.

Lanak Errenteriako Udal Artxibora (Herriko plaza z.g.) bidaliko dira edo posta elektronikoaren bidez honako helbidera: oarso@errenteria.net Era berean, Udal Artxiboan ere entregatu ahal izango dira.

Jatorrizko lanak entregatzeko gehieneko epea maitzaren 15a da. Egun horretatik aurrera ez da onartuko inolako lanik.

Oinarriak Errenteria.net webgunean ikusi daitezke.

No comments yet.

Utzi erantzuna