Krisiari irteera ekologista, sozialista eta feminista

Berdintasuna | Biziberritze ekonomikoaren Bidean | Herri Biziaren Bidean 2012-04-10 | 0

Nekane Jurado ekonomilariak “Krisiaren irteera: ekosoziofeminismoa” izeneko solasaldia eskaini zuen Errenterian egoera ekonomiko latzari irteera ekologista, sozialista eta feminista bat proposatuz.

Hitzaldia, Errenteriako auzoetako emakume elkarteek eta Berdintasunerako Kontseiluak antolatuta, martxoaren  28an burutu zen eta 75 pertsonek hartu zuten parte, gehiengo zabala emakumezkoak izan zirelarik. Juradok emakumeek ekonomian duten papera gailendu zuen. Zentzu honetan, merkatu ekonomia emakumeen lanataz nola aprobetxatzen den azaldu zuen, batez ere zaintza eta etxean egiten dituzten ordaindu gabeko lanei dagokionez.

Estatuen interes ekonomikoa merkatuen beharren mesedetara dagoela adierazi zuen eta ez pertsonen beharrizanei. Pertsonak ekonomiaren erdian jarri nahi baditugu merkatua alde batera uztea lortu behar dugula azpimarratu zuen.

Horretarako berak proposatzen zuen irtenbidea; ekologista, sozialista eta feminista da. Horregatik deitu dio ekosoziofeminismoa.

Hitzaldian Juradok hainbat neurri proposatu zituen, hauen artean aberastasunaren banaketa zuzenago bateruntz pausoak ematea soldata errenta eta zerga sistemaren aldaketaren bitartez. Halaber, lanaren banaketa berri bat proposatu zuen, lana zentzu orokor batean ulertuz, ez bakarrik soldatapean egiten den lana.

Demokrazia parte hartzailearen beharra ere azpimarratu zuen, aurrekontu parte hartzaileak sustatuz. Bizitza kalitatea ekonomiaren des-hazkundearekin lotzearen garrantzia azpimarratu eta beste herri batzuekin solidaritate harremanak estutzearen alde hitz egin zuen. Herri mailako txanponak sortzeak edo auzolana indartzeak ekar ditzakeen onurei buruz ere mintzatu zen Jurado.

Hitzaldira agertutako hainbat emakume aldaketa jendearen esku dagoela ulertu zuten eta zerbait egiteko prest azaldu ziren.

Nekane Jurado

Nekane Jurado ekonomilaria da,  psikologia klinikoan eta finantza eta zientzia aktuarialetan lizentziatua.

Hainbat artikulu eta lan-kolektiboren egilea da. Guztira 20 liburu idatzi ditu, erdia ekonomia feministaren inguruan, nahiz eta bere lan guztietan emakumeon gaiak zeharkakotasunez landu. Ikerketa lan handia egin du gai honetan eta “emakumeok ekonomiari egindako ekarpen ezkutuaren” ikertzaile lez ezaguna da.

ELKARTZEN, eskubide sozialen aldeko mugimendu sozialaren militantea da aspalditik. Eta 25 urtez Eusko Jaurlaritzako planifikazio ekonomikoaren arduradun izan da.

Bere azkeneko liburua Txalapartak argitaratu du “Independencia. De reivindicación histórica a necesidad económica” izenburupean.

No comments yet.

Utzi erantzuna