25 talde Madalenetako Jai Batzordearen lehen bilkura arrakastatsuan

 

Irune Balentziaga Kultur Zinegotziak garbi azaldu du Xenpelar Etxean egin den bilkuraren helburua: “Madalen herrikoi eta partehartzaileak antolatzea”. Horretarako deituak zituzten Madalenak antolatzeko interesa zuten talde eta herritar guztiak gaurko bilkurara. Erantzuna oso ona izan da, bai asistentziari bai bileraren nondik-norakoei dagokienean.

Udalak bertaratutakoei azaldu dienez: “Denoi dagokigu jai-eredua proposatu eta Madalenen gaineko erabaki garrantzitsuak hartzea”. Horretarako, udalak, iazko jaien balantze ekonomikoa azaldu die herritarrei. Dirua bi norabidetan erabiltzen da: batetik, udalak berak Madalenak antolatzeko duen dirua, eta bestetik herriko taldeei dagokiena, diru-laguntzetan. Aurten, lehenengorako 121.000 € eta bigarrenerako 43.000 € izango dira. Balentziagak azpimarratu du ez dela murrizketarik izan diru-laguntzen atalean. “Jai Batzordeak erabakiko du Madalenetan diru hori non eta zertan erabilikoi den, bai diru-laguntzeei dagokienean, bai udalaren beraren kopuruari dagokienean, eta azkenean Jai Batzorde horretatik aterako da Madalenak 2012ren egitaraua. Herritarren eskuetan utziko dugu erabakia, eta udala beste eragile bat baino ez da izango”, azpimarratu du Kultur Zinegotziak.

Horretaz gain, udalak erabilgarri dituen azpiegiturak zerrendatu ditu eta herriko plano bat banatu zaie herritarrei, espazioen inguruan erabakiak hartzeko. “Herri bezala pentsatzea da erronka, bakoitzak bere ekimena bakarrik ez, Madalenak bere osotasunean ikustea, eta herriarentzat onena zer den denon artean erabakitzea”, adierazi du Balentziagak.

Herritarrek asko eskertu dute udalak egindako proposamena, haien interbentzioetan adierazi dutenez. Datorren bilerarako proposamenak eta irizpideak ekartzekotan gelditu dira, eta etorri ezin izan dutenei berriro deialdia egiteko konpromisoa hartu dute. Hurrengo bilkura maiatzaren 18an izango da eta azkena maiatzaren 25ean, biak 17:30ean Xenpelar Etxean.

Hau da gaurko bilkuran parte hartu duten eragile eta taldeen zerrenda:

Atlas, Koldo Mitxelena Ikastetxea, Beti Prest dantza taldea, Telleri, Amulleta, Eureka dantza taldea, Aitzbitarteko lagunak, Niessen Elkartea, Gaiteroak, Nexus konpartsa, Zintzilik Irratia, E.M.T.E., Txosna Batzordea, Batasuna Elkartea, Bi-Errota, San Huberto ehiza eta arrantza elkartea, Txepetxa, Maria de Lezo Gunea, Concha Rociera, Euskal Gunea (AEK, Lau Haizetara, Euskal Herrian Euskaraz), Landare Elkartea, Txintxarri, Xenpelar Bertso Eskola. 

Hurrengo bilkuran oraindik eragile gehiago biltzea espero dute bertaratutakoek.