UDA’2012 kirol kanpaina haurrentzako ikastaro eta jarduerez beteta dator

Gazteria | Herri Biziaren Bidean | Kirola 2012-05-07 | 0

Errenteriako Udal Kirol Patronatuak, aurreko urteetan bezala, diruz lagundutako hainbat jarduera prestatu ditu, UDA’2012 kanpainaren barruan, 3 urtetik gorako haurrentzat.

UDA Kanpaina sustatzean, Udal Kirol Patronatuaren helburuetako bat da eskolaumeei hastapen eta perfekzionatze ikastaro batzuk ematea, kirol jarduerak praktika ditzaten eta ikasturtean zehar egindako jardueren osagarri izan daitezen.

UDA Kanpainak oso harrera ona du, eta udaldiaren hasierarako balio erantsia izan daiteke, batez ere eskolaumeentzat, egun gutxi barru aisialdia askoz ere zabalagoa izango baitute oporrak direla eta.

Eskola egutegia dela eta, eta Errenteriako jaiekin batera izango direlako, aurten kanpainako lehenengo txanda ekainaren 25ean hasiko da. Gainerako txandak, aurreko urtetan bezala, hamar saiokoak izango dira.

Fanderian hainbat ikastaro antolatu dira: Igeriketa, Multijarduera, Dantza Eskola, Padela eta Tenisa.

Galtzarabordan, aurreko urteetan bezala, hainbat ikastarotan izena emateko aukera dago: Kirol Kampusa, Kirol Udalekuak, Dantza Eskola, Igeriketa, Patinak eta Tenisa.

Denboraldi honetan, berrikuntza gisa, bi jarduera konbinatu proposatzen dira. Alde batetik, “Kirol Campusa” antolatu da, eta bertan futbola izango da jarduera nagusia. Jarduera horren osagarri eskulan eta aisialdiko ur jardueren inguruko tailerra antolatu da.

Bigarren jarduera konbinatua “Kirol Udalekuak” izango dira. Bertan ikastarogileek kirol hastapenerako jarduerak eta joko tradizionalak izango dituzte programatuta, eta, Kirol Campusean bezala, eskulan eta aisialdiko ur jardueren inguruko tailerrean parte hartzeko aukera izango dute. Kirol Campusa zein Kirol Udalekuak 9,00etatik 13,00etara egingo dira.

Izena emateko epea maiatzaren 7tik aurrera hasiko da Udal Kirol Patronatuko abonatuentzat. Maiatzaren 14tik aurrera Errenterian erroldatutakoentzat irekiko da, eta maiatzaren 16tik aurrera gainerako interesatuentzat. Errenterian erroldatutakoen izen emate epean izena ematen dutenei bidezko erroldatze-ziurtagiria eskatuko zaie.

Gogorarazi behar da igeriketa ikastaroetan parte hartzeko derrigorrezkoa dela proba bat egitea, maila zehaztu ahal izateko. Proba hori gure instalazioetako edozeinetan egin daiteke.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Fanderiako Igerilekuetako Harrerara (943-34.44.23) edo Galtzarabordako Kiroldegiko Harrerara joan daiteke (943-44.96.90), edo patronatuaren webgunean.

No comments yet.

Utzi erantzuna