Eskolako Agenda 21eko ikasleek proposamenak aurkeztuko dizkiote alkateari

Maiatzak 8an, Errenteriako ikastetxeetako Eskolako Agenda 21eko ikasle ordezkariak bildu dira Merkatuzarren ikasturtean zehar egindako lanak bateratu eta udal ordezkariei aurkeztu beharreko proposamenak adosteko helburuarekin.

Programa honetan parte hartu duten ikastetxeak ondokoak dira: Beraun Berri ikastetxea, Cristobal Gamon Herri Ikastetxea, Koldo Mitxelena institutua, LHko eta DBHko Langaitz Ikastola, Orereta Ikastola, San Jose Gurutzeko Alabak ikastetxea eta Don Bosco Goi-Mailako Institutua. Guztira 3.609 ikasle aritu dira ikasturte honetan zehar eta udalerriko biodibertsitatea oinarrizko gai izanik, bere inguruan lana egin dute.

Gelan gaia aztertu ondoren, kanpora irten dira (mendira, basora, errekara, herriko parkeetara…) ingurune eta alderdi desberdinak gertutik ezagutuz. Egindako azterketa horretan oinarrituta, ikastetxe bakoitzean proposamen ugari atera dituzte, ikasleen arteko foroan elkartutako ordezkarien artean adostu eta garrantzitsuenak bozkatu dituztenak. Hurrengo urratsa, Udaletxean egingo den entzunaldia izango da, maiatzaren 29ko osoko-bilkuran, alkateari egindako lana eta bateratutako proposamenak aurkeztuko zaiozkiolarik.