Arduino hardware libreari buruzko tailer sorta hasi da Kabian

Arduino hardwareak mota askotako gailu elektronikoak gure eskuekin sortzeko aukera eskaintzen duen teknologia librea da. Hardware hau lantzeko lan talde bat eratu da Errenterian gauzatzen ari den Kabia Espazio Kreaktiboa egitasmo herrikoi eta parte-hartzailea aprobetxatuz.

Talde honek azken asteburuan bere lehen tailer irekia antolatu zuen. Bertan hamar pertsona bildu ziren, hauen artean teknologia honetan hasiberriak eta elektronika espezialistak, eta birziklatutako hainbat produkturekin lan egin zuten: mikro-uhin labe zahar bat edo apurtutako balantza bat izan ziren erabilitako tresnetako batzuk. Hauekin, haizagailu bat egin zuten motore txiki batekin. Aurrerago, helikoptero txiki bat egitea da teknologiaren zale hauen helburuetako bat.

Egitasmo irekia

Ekimen hau Kabiako teknologia taldearen ekimena da. Egitasmoa interesdun orori irekita dago eta sustatzaileen ideia denboran zehar talde egonkor bat eratzea da. Interesdunek ez dute teknologia honi buruzko ezagutza maila altu bat eduki behar; hain zuzen ere, maila ezberdinetako jendea elkartzea baita taldearen helburuetako bat, jakintza eta esperientzia partekatzeko.

Taldearen asmoa bi astero bilerak, tailerrak edo bestelako ekitaldiak antolatzea da. Hurrengoa ekainaren 30ean burutuko dute Kabian programazioaren oinarriei buruz. Animatzen bazara, Kabia Espazio Kreaktiboaren webgunean jarri zaitezke kontaktuan teknologia taldearekin.