Errenteriako inmigrazioari buruzko txostena egin du Mugakek

Mugak_agerraldia

Gaur goizean aurkeztu du Mugak Arrazakeria eta Xenofobiari buruzko azterketa eta dokumentazio zentroak, Udalaren enkarguz egindako Immigrazioa Errenterian. Diagnostikoa eta esku hartzeko politikak txostena.

80 herrialde baino gehiagoko bizilagunak ditu Errenteriak eta erroldatutakoen %7,3 atzerritarrak direla azaldu du Jose Manuel Ferradas Inmigrazio zinegotziak. Datu hauek kontuan hartuta, inmigrazio politikak finkatzerako orduan horrelako ikerketa baten baliagarritasuna aipatu du Julen Mendoza alkateak eta zera azpimarratu du: “kultura ezberdinak elkarrekin bizi dira gure herrian eta ezaugarri hori bertute moduan ulertzen dugu”.

Mikel Mazkiaran eta Silvana Luciani Mugakeko kideek ikerketarako erabili duten metodologiaren nondik norakoak azaldu dituzte. Arlo ezberdinak hautatu dituzte: gizarte zerbitzuak, hezkuntza, kultura, gazteria eta kirola, euskara, emakumeak erlijio aniztasuna eta irritaren babesa eta bakoitzean eztabaidarako talde bat sortu.  Mazkiaranen esanetan, eztabaidaguneetan egindako elkarrizketa horiek erabili dituzte ondorioak atera ahal izateko. Era berean, lau multzotan sailkatu dituzte aipatutako ondorioak: harrera, sentsibilizazioa, partehartzea eta formazioa.

Txostena esku hartean izanik eta bertatik jasotako iradokizunei jarraituz, Udalaren asmoa herritarren arteko aniztasun foroa sortzea dela adierazi du Ferradasek. Ostegunean, maiatzaren 2an, aurkeztuko dute txostena herritarren aurrean, arratsaldeko 18:00etan, Xenpelar Etxean eta bertan eman nahi dituzte “hausnarketa, topaketa eta eztabaidagune” izango den foroa sortzeko lehengo urratsak.

 

Txostena osorik:

Inmigrazioa Errenterian. Diagnostikoa eta esku hartzeko politikak