Koldo Mitxelena Ikerketa Bekaren XII. edizioa deitu du Udalak

Koldo Mitxelena

Bi urtetik behin deitzen du Errenteriako Udalak “Koldo Mitxelena Ikerketa Beka”, filologo errenteriarraren omenez eta aurtengoan, eskaerak eta gainerako agiriak aurkezteko epea ekainaren 28ra arte egongo da zabalik.

Bekaren helburua euskal kulturaren alderdi guztien gaineko ikerketa bultzatu eta sustatzea da: historia, artea, soziologia, antropologia, ekonomia, linguistika, literatura, etnologia, zuzenbidea eta humanitateak, oro har.

Proiektua, ikerketa lana eta bestelako txostenak euskaraz edo gazteleraz egin ahal izango dira eta gainera, lanaren 40 eta 50 orri bitarteko laburpena aurkeztuko da, ikerketa lana egiteko EAEko aukeratu ez den hizkuntza ofizialean.

Beka norbanakoek zein horretarako osatutako lantaldeek eskatu ahal izango dute eta ikerketa lana jatorrizkoa eta argitara eman gabea izango da, nahiz oso osorik izan, nahiz lan horren atal bat izan. Emango den bekaren diru zenbatekoa 9.010 €-gordin izango da.

Bekaren iraupena gehienez 12 hilabetekoa izango da, beka adjudikatzen den egunetik hasita.

XII. Koldo Mitxelena Bekaren oinarriak

XII. Koldo Mitxelena Bekaren liburuxka