Udan euskara praktikatzeko ibilaldiak

Euskara praktikatzeko ibilaldiakBanaiz Bagara Elkarteak, Errenteriako Udalaren laguntzarekin, martxan jarri ditu udaran euskara praktikatzeko ibiladiak.

Ibilaldiak herria, mendiak, parke edo berdeguneak ezagutzeko antolatu dituzte eta batzuetan gai jakin batekin lotzen dituzte: herriko garai bat, pertsonai bat… Hala, parte-hartzaileek, hiztegi berri bat ezagutu eta lantzeko eta batez ere, bertako jende euskaldun gehiago ezagutzeko aukera izaten dute, “udako aireaz disfrutatzen dugun bitartean”.

Banaiz Bagara Elkarteko kideek herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte: “euskaraz zerbait dakizuenak, urtean zehar euskara ikasi duzuenak, mintzalagunak eta baita euskaldun zaharrak ere, maila txikiko lagunekin hizkuntza partekatu nahi duzuenak”. Parte hartzea doakoa eta irekia da.

Ibilaldiek ordubeteko iraupena dute eta abuztuaren 5era arte egingo dituzte astelehenero. Parte-hartzaileak 15:30ean elkartzen dira, Lau Haizetara Euskara Elkartearen egoitzan, Euskotren geltokiaren aurrean.