Madalenetan gazteak argazkilari bihurtuko dituen lehiaketa antolatu du Kultur Sustapen Elkarteak

gazte argazki lehiaketaErrenteriako Kultur Sustapen Elkarteak XIX. Gazte Argazki lehiaketa antolatu du 17 urtetik beherako gazteentzat.

Parte hartu nahi dutenek uztailaren 17, 18 eta 19an, 18:00etatik 20:00etara egin ahal izango dute izen-ematea Kultur Sustapen Elkartean bertan, Etxeberrieta auzoko Zubiaurre kaleko 8. zenbakian. Izena ematerakoan partaide bakoitzari CD bat emango zaio bere zenbakiarekin.

Jorratu beharreko gaia 2013ko Madalenak izango da eta argazkiak JPG formatuan aurkeztu beharko dituzte koloretan edo/eta zuri beltzean.

Parte-hartzaile bakoitzak, gainera, inoiz argitaratu gabeko 3 argazki aurkeztu beharko ditu uztailaren 29 edo 30ean, 18:00etatik 20:00etara, izen ematea egindako lokal berean.

Antolatzaileek adierazi dutenez, epaimahaia Kultur Sustapen Elkarteko argazkigintza arloko kidez osatuta egongo da, eta horiek emango duten epaia ezin izango da errekurritu.

Mailaren araberako 3 sari emango dituzte, 10 urte artekoak, 10 eta 14 urte bitartekoak eta 14 eta 17 urte bitartekoak. Partaide bakoitzak sari bakarra jaso ahal izango du eta bilduma hoberenari ere sari berezia emango diote.

Bestalde, sari banaketa aurkeztutako argazki bilduma baten erakusketa barruan egingo dela ere azaldu dute Kultur Sustapenekoek baina ordua eta lekua zehaztu gabe daude oraindik.