Madalenetako balorazio ezin positiboagoa egin du Balentziagak

Xanti eta Maialenen agurra
Xanti eta Maialenen agurra

Madalenak izan direla-eta, ondorengo mezua zabaldu nahi izan du Irune Balentziaga Kultura zinegotziak:

Jai Batzordearen eta Kultura batzordearen balorazio sakonago bat irailean egingo badugu ere, Kultura Zinegotzi bezala eskerrak eman nahi dizkiet Madalenak ondo ateratzeko ahalegina egin eta konpromisoa hartu duten herritar eta eragile guztiei, eta baita hauek zoriondu ere. Haien lanik gabe ez genuke jairik izango, eta errekonozimendua garrantzitsua da lanean jarraitzeko indarrak har ditzaten.

Eskerrak eman nahi dizkiet ere, herriko jaiak antolatzen laguntzen duten udaleko sail guztiei eta bertako langileei, haien lana ere ezinbestekoa baita herriko jaiak aurrera atera ahal izateko: mantenua, udaltzainak, e.a Aipamen berezia egin nahiko nioke ere Babes Zibilari, askotan ikusten ez den lana burutzen dutelako, muxutruk, eta ezinbestekoa delako. Mila esker guztiei!

Alderdi guztietako ordezkariei ere, jaiak hobetzeko ahaleginean eskua luzatu digutelako. Ezin ahaztu omenduak, haien presentzia oso berezia izan baita aurtengo Madalenetan ere. Eta azkenik, Madalenetan eguneko jarraipena egiteko sortu diren bitartekoetan kolaboratu duzuen herritar guztiak.

Madalen festaren inguruan egin behar dudan lehen balorazioa ezin positiboagoa izan daiteke. Eguraldiak lagunduta Madalenak giro ederrean igaro ditugu, ehundaka ekintzatik gora antolatu eta milaka lagunetik gora pasa direlarik…

Musika izan da Madalen hauetan izan dugun protagonista nagusietako bat, dudarik gabe. Lehengo urtean hartu zuen indarraz ohartuta, aurten ahalegin berezia egin nahi izan da alor honetan, eta zalantzarik gabe jarrita zeuden espektatiba guztiak bete ditu. Adin guztientzako programazioa izan dugu horretan lagun, herriko edozein txoko edo gune erabat girotutak izan ditugularik.

Herri honek dituen danborrada anitzen inguruan jende asko bildu da, bai parte hartuz eta baita ikusle gisa ere. Herri bazkariek bere toki gero eta garrantzitsuagoa izan dute, bai lehen egunean Jai Batzordeak antolatutakoa, eta baita Koadrilen Egunean antolatutakoa ere, non guztira 970 pertsona bildu ziren, muga guztiak gaindituz. Antzerkiak, ikuskizunak, haurren txokoak, poteoak, kukaña, sorpresak…. Festetan partehartzeak duen garrantziaz ohartuta, ezin hobe erantzun diozue herritarrok helburu nagusi horri, gogoz, ilusioz. Azken batean, herritik eta herriarentzat egindako festak izan dira.

Gizon eta emakumeen arteko berdintasunean, sexu aukeren arteko berdintasunean eta jatorri, kultura eta izaeren arteko berdintasunean, festak gozatzeko gonbitea egin genien herritarrei eta Errespetuan, Aniztasunean eta Berdintasunaren baloreak aintzat hartuz ekin genien jaiei. Helburu horiekin lanean jarraituko dugu aurrerantzean ere, elkarteen arteko harremanak bultzatuz, udala eta elkartearen artean sareak sortuz eta herriko jaiak antolatzeko ardura guztien artean elkarbanatuz

Orohar, herriko jaiak inoiz baina gehiago gozatu ahal izan ditugu, berrikuntza ugarirekin. Denok ezagutzen ditugun inzidentzia larriak ere izan dira, bereziki bi gauetan, eta gertaera hauek jaien giroan eragin negatiboa izan dutela ezin da ukatu. Beraz, dagokigun arduraz aurreratzen dugu datorren urterako gure esku dauden neurriak hartuko ditugula mota hauetako gertaerak ekiditeko, nahiz eta jakin, hainbat gertaera auirrikustea edo gertatuko ez direla jakitea zaila den.

Era berean, eskerrak eman nahi dizkiet pazientziaz jokatu duten herritar orori ere. Badakigu askotan ez dela erraza izaten jaietarako eta deskantsurako eskubidea uztartzea, eta zentzu horretan nire eskerrik beroenak eman nahi dizkizuet. Badakigu herriko zenbait lekuetan puntu beltz edo zailagoak izaten direla, hurrengo urteetarako hauek ere kontuan hartuko ditugu, beti ere gure herriko jaiak guztiontzat izan daitezen.

Bukatzeko, ez nuke aipatu gabe utzi nahi festetan murgilduta ginela Galiziatik etorri berri den tamalezko eta minezko berria. Une hauetan gure elkartasun, besarkada eta animorik handiena bidaltzea besterik ez dago bertan izandako kaltetuei eta baita galiziar herriari ere.

Irune Balentziaga, Kultura zinegotzia