Listorretako altxorra bilatuko dute larunbatean

Udako_Jarduerak_ListorretanDatorren larunbatean, hilak 17, altxorraren bila orientazio jolasa izango da Listorretan. Hasteko, arduradunek orientazioaren gaineko oinarrizko kontzeptu batzuk azalduko dituzte eta baita horretarako erabili ohi den tresneria ere: iparorratzak, mapak, planoak…  Gainera, naturan orientatzeko erabili daitezkeen metodoak ezagutuko ahalko dituzte bertaratzen direnak: eguzkia, izarrak, ilargia, zuhaitzak, goroldioa…

Hala, partehartzaileek modu dibertigarrian ikasteko aukera izango dute; izan ere, Listorretako altxorra aurkitu beharko dute ipar orratz eta mapak erabiliz. Altxorra aurkitzeko, lehenik Aiako Harriko fauna eta landaretzari buruzko galdera eta frogak gainditu beharko dituzte. Jolasa arratsaldeko 16:00etan hasiko da eta 2 orduko iraupena izango du.

Ekintza Aiako Harria Parke Naturalaren ingurunea ezagutzera emateko Errenteriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak elkarlanean udarako prestatu duten egitarau bereziaren barruan kokatzen da.

Uztaila eta abuztuan egingo dituzte  adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintzak eta denak dira doakoak.