Listorretako edukiontzien erabilpen desegokia

informazio bulegoa ListorretaUdal Mendi eta Ingurumen Sailak publikoki adierazi nahi du Listorretara bertaratzen den jendearen gehiengoak esfortzua egiten duen arren, hondakinak jasotzeko bertan dauden edukiontzi ezberdinen erabilpena desegokia dela kasu batzuetan.

Errenteriako Udalak uste du gutxiengo batek ardurarik gabe jokatzeak ezin duela gehiengoaren ahalegina baliogabetu. Horregatik, gai honen inguruan Jose Manuel Ferradas zinegotziak zera azaldu du: ” denboraldi hasieratik informazioa eskaini dugu eta Listorretara joaten diren pertsonei edukiontzi ezberdinen erabilpen egokia egin dezaten eskatu diegu”. Udalak zeregin honetan jarraituko duen arren, “edukiontziak modu desegokian erabiltzen diztuztenek 30 eta 90 euro bitarteko isuna jaso dezakete egungo udal-ordenantzak hondakinen bilketari dagokionean adierazten duen  moduan”.

Ferradasen esanetan, ez da udalaren asmoa bide horri ekitea baina ez du baztertzen gutxiengo baten jarreraren gaineko neurriak hartzea hauek erabiltzaile gehienen kontra eragina badute.

Urtero-urtero, agerian geratzen den moduan, Listorreta aisialdirako aukera ona dela ere nabarmendu nahi izan du zinegotziak eta horrexegatik udalak, beste instituzio batzurekin batera, herritarrak bertan gehiago disfrutatu dezaten ekintzak antolatu dituela: “Honegatik guztiagatik guztion ardura da ingurune hori garbi mantentzea. Ez dezagun sortu arazorik edukiontzien erabilpen desegokiagatik Listorretan”.