Berdintasunerako Kontseiluak Hibaikako emakumezkoen taldea zoriondu du

Hibaika_8Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak Hibaikako emakumezkoen taldeak Kontxako Banderako estropadan lortutako bigarren postuagatik zoriontzeko, ondorengo idatzia zabaldu nahi izan du:

Zorionak, Hibaikako emakumeak!

Kontxako urak urdinak ala berdeak al dira? Horretan dihardute Bermeo eta Hondarribiko herritarrek, gizonezko arraunlariek.

Guk garbi dugu baina: pasa den igandean, beltzak eta gorriak izan ziren Kontxako urak. Eta, dena aitortu behar bada, harro gaude. Harro gaude, Hibaikako emakumeek eraman dutelako lehen aldiz gure herria Kontxako estropadara, arraunaren gorenera. Harro gaude Kontxara joan eta bigarren egin dugulako, bikain aritu den Zumaiako taldearen atzetik. Eta harro gaude, Hibaikako emakumeak babestuz, balentria horren parte sentitzen garelako!

Urrutira begiratu beharrik ez dago, berdintasuna lortzeko egin behar dugun bideaz ohartzeko. Gizonezkoen txandan, besterik esaten ez den artean, irabazle izan diren arraunlari horien herrira begiratu besterik ez dago. Tristea da, gero, plastiko beltzen herria izatea!

Berdintasunik ez dagoelako dihardugu Berdintasunerako Kontseiluan eta, kirolean ere, egiteko asko dagoelako babesten ditugu urtero emakumezkoen hiru kirol-talde. Ekimena martxan jarri zenetik, bi urtez babestu du Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak Hibaikako emakumezkoen taldea, apustuek emaitzak ematen dituztela sinetsita. Sinismen osoa genuen eta Hibaikako emakumeek lortu dute.

Zorionak, Hibaika egindako denboraldiarengatik eta Errenteria Kontxara eramateagatik! Aupa, Hibaikako emakumeak!

Errenteriako Berdintasunerako Kontseilua