Prozesu parte-hartzaile baten bidez definituko da Lekuonaren proiektu arkitektonikoa

Lekuona proiektua_pretsaurrekoa_800x600Errenteriako Lekuona ogi fabrika zenak dantza eta arte eszenikoen zentro bat hartuko du 2015 urtean. Proiektu arkitektonikoa erredakzio fasean dago une honetan eta bi zatitan gauzatuko da. Lehenengoa burutu da dagoeneko. Udalak lehiaketa konbokatu zuen eta jasotako zazpi proposamenen artean Donostiako Vaumm estudioak egindakoa gailendu zen. Proposamen hau izango da behin betiko proiektuaren abiapuntua eta bertara gaur hasiko den eta arte eszenikoen alorreko eragileek parte hartuko duten prozesu parte- hartzaileko ondorioak gehituko dira.

Hala adierazi dute zuten atzo Ikerne Badiola, Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuak eta Julen Mendoza Errenteriako alkateak. Prentsaurrekoan Vaumm estudioko Jon Muniategiandikoetxea arkitektoa ere izan zen.

x1308_calle rampa_800x456 Badiolak azaldu zuenez, prozesu parte-hartzailea Elhuyarrek kudeatuko du eta Lekuona kultur proiektuaren erabilerak, erabilera horietarako eraikinak bete behar dituen baldintzak eta ekipamendu berria iraunkorra eta eraginkorra izan dadin oinarriak lantzea du helburu. Duela hilabete batzuk jakinarazi zen moduan, Lekuonan kokatuko da Dantzagunea, Gipuzkoako Foru Aldundiak dantzaren ikaskuntza eta sorkuntza prozesuak laguntzeko helburuarekin bultzatzen duen zerbitzua. Dantzaguneaz gain sorkuntza espazio ezberdinak egongo dira Lekuonan dantza, arte eszenikoak eta gorputz espresioa lantzeko.

Parte-hartze prozesua gaur hasiko da eta urria amaierara arte hiru tailer burutuko dira 20-30 kudeatzaile, teknikari, aktore, eszenografo, dantzari eta abarrekin. Ondorioak arkitekto taldeari helaraziko zaizkie eta, proiektura gehitu ostean, obraren exekuzioa hasiko da. Lanak martxoan hastea aurreikusten da eta 15 hilabete iraungo dute gutxi gora behera.

Hala eta guztiz ere, lanen lehen fasea abendua eta urtarrila artean burutuko da. Lehen fase honek eraikuntza egonkortzea du helburu.

Kultura diputatuak esan zuen proiektu honek “Errenteriak dituen kultur ekipamendu beharrei” erantzungo diela. “Bertako kultur eragileen aspaldiko eskaria da eta hiriko plan estrategikoan jasotako beharra”, adierazi du. Era berean, dantza mailan, “Gipuzkoa osoari” emango dio zerbitzua Lekuona zentro berriak.x1308_rio_800x530

Badiolaren esanetan proiektu honekin gaur egun Dantzagunean eskaintzen diren zerbitzuak eta baliabideak “indartu eta zabalduko dira handiagoa den eta hobeto komunikatuta dagoen espazio batera eramanaz”. Gainera proiektua “dantzaren alorrean erreferentea den hiri batean gauzatuko da, Euskal Herriko hainbat dantza-talde garrantzitsuren egoitza den hiri batean”, esan zuen.

Era berean, proiektua garatzen ari den modua azpimarratu zuen Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuak. “Sektoreko eragileek eta ekipamenduaren erabiltzaileek esango dute zer behar duten eta nola. Hori berme bat da Lekuonaren iraunkortasunerako eta eraginkortasunerako. Ez da goitik behera datorren proiektua, behetik gora doana baizik. Gauzak beste modu batera egin daitezkeela erakusten du”, esan du.

Halaber, Oarsoaldea, biztanle asko dituen eskualdea izateaz gain, Gipuzkoako eskualde deprimituenetakoa dela gogorarazi du, eta horrek Foru Aldundiaren aldetik “apustu sendoak” exijitzen dituela.

Aukera ezin hobea Errenteriarentzat

Julen Mendoza alkateak, Errenteria herri industrial izatetik sormen eta kultur gune izateko bidean dela azaldu zuen: “Etorkizuneko Errenteria diseinatzen ari gara Errenteria 2025 Plan Estrategikoaren baitan eta dantza eta arte eszenikoen zentroa pieza garrantzitsua da, beste hainbatekin osatzen joan beharko dena”.

x1308_parque infantil_2_800x713 Mendozaren arabera, proiektua “herri honentzako aukera ezin hobea da, izan ere, bertan arte eszeniko guztiekiko dagoen errotze kulturala finkatu eta kanpora zabalduko baita, eta, garrantzi handiko elementua baita garai bateko industriaren zati handi bat galdu duen herriaren garapen ekonomiko eta sozialean”.

Alkateak, bestalde, Lekuonak Errenteria eraldatu eta gainontzeko herrietatik desberdintzea ahalbidetuko duela adierazi zuen: “kultura ardatz hartuta, gure herriaren marka irudi berria zabaldu ahal izango dugu”. Halaber, hau guztia garai batean herri industriala izanaren izaera eta baita ingurunea ere errespetatuz egin ahal izango dela azpimarratu zuen, Olibet auzoko Lekuona ogi-lantegia zenaren eraikinean kokatuko delako proiektua. 2005etik itxita dagoen eraikina “ogia egiten zen fabrika izatetik, sorkuntza artistikoaren fabrika izatera pasako da”.

Proiektu arkitektonikoa

Jon Muniategiandikoetxeak, Vaumm estudioaren izenean, eskerrak eman nahi izan zizkion epaimahaiari euren aurre-proiektua hautatzeagatik eta Lekuona fabrikak eraikin moduan aukera asko eskaintzen duela esan zuen: “Gure proposamenean garrantzia berezia eman nahi izan diogu fabrika izaera mantentzeari eta baita eraikina kokatuta dagoen ingurunea kontuan hartzeari“.

x1308_trasera_800x409

Proiektuaren arabera, egungo eraikinari gorputz bat gehituko zaio atzealdean, beti ere, ekonomiari dagokionean bizi dugun garaia aintzat hartuz; izan ere, proiektuaren oinarrietako bat kontentzioa izan dela ere azaldu zuen Muniategiandikoetxeak: “protagonismoa eraikin zaharrak izango du eta pieza berria beharrezkoa duen sostengua izango da”.

Bukatzeko, arkitektoak argi utzi nahi izan zuen, “aurkeztutakoa abiapuntu bat” dela, ideia bat eta “prozesu parte-hartzailearen emaitzak kontuan izanda” itxiko dutela programa.