Ostiralean izan zen Udal Euskaltegien 2013/2014 ikasturtearen hasiera-ekitaldia

emaiozu euskarariErrenteriako Udal Euskaltegia partaide den Udal Euskaltegien sareak, joan den ostiralean eman zion hasiera ofiziala  2013/2014 ikasturteari.

11:00etan eman zitzaion hasiera ekitaldi ofizialari Beasainen. Besteak beste, honako hauek izan ziren bertan: Koldo Agirre, Beasaingo alkatea; Zigor Etxeburua, Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria; Joseba Erkizia, HABEren zuzendari nagusia; Aitor Larburu, Beasaingo Udal Euskaltegiko Lehendakaria; Garbiñe Zurutuza, Beasaingo Kultura eta Euskarako zinegotzia; Karmele Aierbe eta Josu Larrea, Bilduko ordezkariak; Boris Nogales, Lasarte-Oriako zinegotzia eta EUDELeko ordezkaria: Bizkai eta Gipuzkoako hainbat zinegotzi eta udal euskaltegietako zuzendari ugari. Horiez gain, Goierriko AEKko ordezkari bat, Jon Urdangarin, Maizpide euskaltegiko zuzendaria, Nafarroako Zubiarte Euskaltegiko zuzendari eta idazkaria, eta, bukatzeko, irakasleak, ikasleak eta herritar soilak.

Beasaingo alkateak ongi etorria eman zien bertaratu zirenei eta Beasaingo euskararen udal politikan txertatu zuen ekitaldia, euskaltegien eta, horien artean, udal euskaltegiaren zerbitzuaren beharra azpimarratuz, herrian euskararen ezagutza eta erabilerari bultzada ematearren.

Zigor Etxeburuak, berriz, 2013/2014 ikasturteko leloa azpimarratu zuen, Emaiozu euskarari!, euskarari denbora eta ahalegina emanez gero, euskarak ere asko eskaintzen duela esanez, eta, zenbat eta ikasle eta hiztun gehiago izan, esparru zabalagoa sortuko dela euskararentzat.

Joseba Erkiziak hainbat datu interesgarri eskaini zituen, itxi berri den 2012/2013 ikasturteari buruz. Aipatzekoa da iazko ikastaroan 32.330 ikasle heldu aritu ziren EAEko euskaltegietan euskara ikasten, eta ikasle horiek egindako ahalegina goraipatu zuen. Ikasleen adinaren batez bestekoa 38 urtekoa izan zen. Gaur egun 35 urtetik gorako EAEko biztanle elebakarren (erdaldunen) proportzioa 3tik 1ekoa dela, eta duela 30 urte 5etik 1ekoa zela. Datu horiek aipatzeaz gain, Igartzako jauregiaren bisita bereziki eskertu zuen, oso interesgarritzat jo baitzuen.

Ondoren, Beasaingo Udal Euskaltegiko zuzendaria den M. Paz Martinek, udal euskaltegi guztien izenean, 2013/2014 ikasturteko kanpainaren irudia eta leloaren esanahiari buruzkoa azalpenak eman zituen, eta, udal zerbitzua izanda, udal euskaltegien jarduna herritarrengandik hurbil kokatu behar dela, herritarren eskaerari erantzunez eta euskararen mundura erakarriz. Bukatzeko, herritarrak gonbidatu zituen euskarari merezi duen denbora eta ahalegina eman, eta, euskara bereganatu ahala, gozatu eta dibertitzeko.

(Iturria HABEren Ikasbil web gunea)