Jose Antonio Perezi eman diote Koldo Mitxelena ikerketa beka

Koldo Mitxelena ikerketa bekaAtzo, hilak 2, Errenteriako Udalean sinatu zen Koldo Mitxelena ikerketa beka Jose Antonio Perez Perezi ematea Historia de las mujeres en Euskadi durante el franquismo. Espacios de ocio, espacios de trabajo, género y oposición proiektua garatu dezan.

Perez lizentziatua da Geografia eta Historian eta Doktorea Historia Garaikidean. Horretaz gain, irakasle da EHUko esperientzia geletan.

2004an ere Norberto Ibañezekin batera eskuratu zuen beka hau Orígenes y evolución del socialismo vasco (1888-1936) izeneko ikerketarekin. Lan hori hurrengo urtean argitaratu zen, Errenteriako Udal Artxibo eta Liburutegiaren Bilduma aldizkarian.

Elkasko elkartearen ikerketa taldeak datozen hamabi hilabeteetan zehar beka jaso duen proeiktua gauzatuko du, egileak berak koordinatuta eta Maria Losada Uriguen izanik ikerlari nagusia.

Ikerketa nondik nora

Ikerketak gerra zibilean garaituak izan ziren emakumeen bizitzaren eguneroko eremua aztertuko du, arreta berezia jarriz gizateratzeko eremuetan. Abiapuntua espazio publikoa eta pribatua desberdintzen dituen dikotomia klasikoa du, historikoki lotu duena lehenengoaren erabilera maskulinitatearekin uztartu izan den produkzio lan, kultur eta politikarekin; eta bigarrena feminitatearen arkeotipoak diren ugalketa, familia, zainketa eta rolekin. Abiapuntuko hipotesiaren oinarria da marko hori zalantzan jartzea eta propaganda frankistak aurkezten zuen emakumezkoen domestizitatearen diskurtsoa gainditzea.

Lanak gerra zibilaren amaieratik dikataduraren amaiera bitarteko urteak eta demokraziaren lehenengo urratsak Euskadin hartzen ditu, 1936-37tik 1977, gutxi gorabehera.

Helburua da “garaituen” eguneroko bizimodua birformulatzea, hiru bidetatik: artxibistikoa, hemerografikoa eta ahozko historia. Azken horretan, bizitza historien ingurukoa, mikrobiografia moduan, da berritzaileena. Ikerketa monografia bat argitaratuta amaituko da.

Lan hori idazteko dagoeneko diktadura frankista pairatu zuten emakumeei elkarrizketak egiten hasiak daude, oso profil desberdineko emakumeak izaki (presoen emazteak, maistrak, amak, emaginak, aktibista politiko eta sindikalistak,…). Metodologia horrek, era berean, informatzaileen eta proiektuan interesa izan edo parte hartu nahi duten emakume guztien arteko trukaketa eta eztabaida gune bat sortzea ahalbidetuko du. Elkarrizketak grabatu egiten dira audio zein bideo euskarrietan, kalitate handiz, publikoak oro har edo garai hori ikertu nahi dutenek kontsultatu ahal izango duten dokumentu funtsa sortzeko asmoz.