Atzegik kolaborazioa eskatu dio gizarteari

Atzegi aurkezpenaAtzegin guztiok dugu gure papera. Aurkitu zurea kanpainaren Oarsoaldeako aurkezpena egin zuen atzo adimen urritasuna duten pertsonen familien Gipuzkoako elkarteak. Elkarteko ordezkariez gain Jon Txasko eta Juanra Cano Errenteria eta Pasaiako Gizarte Ongizate Saileko zinegotziek ere hartu zuten parte bertan eta biak ala biak ordezkatzen duten erakundearen babesa erakutsi nahi izan zioten kanpainari.

Txaskok, gainera, “inguruaren garrantzia” azpimarratu nahi izan zuen: “ingurua denok eraikitzen dugunez denoi dagokigu hori hobetzea jarrera positiboetan oinarritutako solidaritate modu ezberdinen bidez”.

Canok, berriz, Pasaiako Udalean sentsibilizazio lanaren adibide garbi bat badagoela esan zuen, izan ere, gainerako langile guztiekin batera, Amaia ere ari da jakinarazle lanetan.

Honekin batera, Ainhoa Fiz elkarteko familia laguntza zerbitzuko teknikariak eskerrak eman nahi izan zizkien Errenteria eta Pasaiako Udalei, ekonomikoki egiten duten ekarpenaz gain, Atzegiko bi pertsona euren kontratatuta izateagatik.

Kanpainaren xedea

Fizek azaldu zuenez, aurtengo kanpainaren helburua gizartean kolaborazio gehiago aurkitzea da: “Batzuetan jendeak kolaboratu nahi izaten du baina ez daki zer edo nola egin. Gure erronka pertsona horiei beren papera aurkitzen laguntzea da”. Horretarako, guztira, 8.000 kartel banatuko dituzte Gipuzkoa osoan, horietatik 300 Oarsoaldean eta baita informazio eskuorriak ere.

Inplikazio maila ezberdinetan kolaboratu daitekeela gaineratu zuen Fizek, kartelak jartzetik, adimen urritasuna duten pertsonentzako ekintzak antolatzeraino. Kolaborazio ezberdinak, hain zuzen, kanpainarako sortutako euskarrietan ikus daitezke. Bertan 9 pertsona agertzen dira eta bakoitzak bere modura laguntzen duela azaldu du Mari Carmen Castro Atzegiko Oarsoaldeako delegatuak, “pertsona hauen bizitza errazagoa izan dadila lortuz”.

Minibideo eta laburmetraien lehiaketa

Bestetik, bosgarren aldiz antolatu du, Atzegik minibideo eta laburmetraien lehiaketa. Fizen esanetan, kalitateari baino gehiago eta kanpainarekin bat eginez, bakoitzaren papera erakusteari begiratuko diote. Lehiaketaren oinarriak www.atzegi.org/aurkituzeurepapera web gunean aurkitu ahal izango dituzte interesdunek.