Su egiteko tailerra prestatu du Irrien Lagunak ekimenak

irrien lagunak oarsoaldea

Irrien Lagunak ekimenak historiaurreko ibilbide batean su egiteko tailerra prestatu du igande goizerako, Aizpitarten, Aizpitarteko Lagunak elkartearekin elkarlanean.

Ekintza haurrek beraiek baloratu eta aukeratu zuten joan den urriaren 11n Merkatuzarreko topaketan, udazken honetan antolatuko diren beste batzuekin batera.

Antolatzaileek haurrak, gutxienez, guraso batekin joatea gomendatu dute eta zira, mendiko botak, hamaiketakoa, ura eta linterna frontala eramatea. Gainera, parte hartu nahi dutenei eskatu diete ostegunaren aurretik oarsoirriak@gmail.com helbidera mezu bat bidaltzea, “hobeto antolatu ahal izateko”.

Abiapuntua, Pontikako aparkalekua izango da eta bertan bilduko dira denak goizeko 9:30ean. Handik kotxez abiatuko dira Aizpitarte edo Txoritokietara parte-hartzaile kopuruaren arabera. Eguerdian, bazkaltzeko orduan itzuliko dira.

Irrien Lagunak haurrentzat zuzendutako aisialdi ekimen bat da gure herrian eta Oarsoaldean, hezitzailea, herritarra, parte hartzailea eta euskaraz bizi nahia eragin nahi duena.