XXI. mendeko “Hamlet” ekarriko dute igandean Kulturgunera

HamletDatorren igandean, abenduak 1, Hamlet antzezlana emango dute  “Errenteria Hiria” Kulturgunean, arratsaldeko 19:00etan.

Artedrama, Dejabu eta Le Petit Théâtre de Pain taldeek XXI. mendeko Euskal Herrira ekarri dute Shakespearen Hamlet, egungo gizartearen kezka, arazo eta ezaugarriekin. Sortzaileen hitzetan, “Hamlet antzerkien antzerkia da. Garai bakoitzak bere irakurketa behartzen du. Argiki eta arintasunez, Shakespearek munduaren eromena marrazten du. Obraren ekintza politikan oinarritzen da: gezurra, jukutria, kalkulua, konplota, dirugosea, hitza hitz ala hitza jan. Baina erabakia ez da ekintza, eta aizu dena ez da justizia noski… hor da auzia”.

Errautsak ikuskizunaren ondoren, hiru antzerki konpainiek elkarlanean ekoitzitako bigarren lana da Xabier Mendigurenek izenpetu duen adaptazioa.

Sarrerak gaur arratsaldean jarriko dira salgai 9 euroan Kulturguneko leihatilan, 18:00etatik 20:00etara. Gazte txartelaren titularrek eta 65 urtitik gorakoek, ordea, 7 euroan eskuratu ahalko dute.  Ostegun eta ostiralean ere ordutegi berean egongo da zabalik leihatila eta asteazkenean, 11:00etatik 13:00etara. Igandean bertan, ikuskizunaren egunean, ordutebete lehenago jarriko dira salgai.