Banaiz Bagara elkarteak jaso du “Oarsoarrak Euskararen saria”

Oarsoarrak sariaOarsoaldeko Euskara Batzordeak  “Oarsoarrak Euskararen saria” eman zuen, laugarren urtez pasa den  azaroaren 29an.

Joxe Juan Ugalde eta Usoa Arbelaitz aurkezleek girotutako ekitaldia Xenpelar Etxean egin zuten eta saria Banaiz Bagara elkarteak etorkinekin landu duen egitasmoarentzat izan zen. Elkartearen xede nagusia biztanle guztiei euskaraz bizitzeko aukera ematea da, edozein delarik euren ama-hizkuntza, arraza, ikas baldintza edota baldintza ekonomikoa. Zentzu honetan, elkarteak lan munduari dagozkion egitasmoen bidez eta kultur, kirol eta hizkuntza transmisioen bidez euskararen eremuan herritarren elkar ezagutzea sustatu zein gizartearen barne-kohesioa eta aukera berdintasunaren alde egiten du lan. Saria Petra Elserrek, elkartearen koordinatzaileak, jaso zuen iazko sarituen eskutik: Nora Barroso eta Nekane Martiarena, Irrien Lagunak Oarsoaldean taldekoak.

Era berean, aurten euskararen aldeko lanean eginiko ibilbideari aipamen berezia egin nahi izan diote. Hori, Mikel Astarlozarentzat izan zen, bere kirol jarduerarengatik eta “ibilbide profesional guztian zehar euskara ezpainetan eramateagatik. Izan ere, munduan zehar ibili da, euskarari dagokion lekua emanez”.

Bestalde, bertaratuek Errenteriako Musikaleko ikasleen emanaldiaz gozatzeko aukera izan zuten eta ekitaldian Julen Mendozak, Errenteriako alkatea, Amaia Agirregabiriak, Pasaiako alkatea, Irati Etxebestek, Oiartzungo udaleko zinegotzia, Garazi Cuesta, Lezoko udaleko zinegotzia eta Zigor Etxeburuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara zuzendariak parte hartu zuten.

Ainhoa Zabalok, Oarsoaldea Garapen Agentziako lehendakariak adierazi bezala, Euskararen Egunaren harira, sari hau urtero euskararen normalizazioan urrats nabarmenak egiten dituen talde, establezimendu, erakunde, elkarte edo dena delakoari emateko sortu zen.