Inoiz baino San Silbestre herrikoiagoa lortu nahi dute

San SilbestreAbenduaren 31n San Silbestre herri lasterketaren hamaikagarren edizioa izango da Errenterian eta antolatzailea den Club Atletico Renteriatik (CAR) adierazi dutenez, aurten parte-hartze handiagoa lortzea dute helburu, izan ere “inoiz baino herrikoiagoa” egin nahi dute lasterketa:  helduen kategorian 1000 atleta bildu nahi dtuzte eta haurrei dagokienez, 500 inguru.

Hori dela-eta, taldean parte-hartzeko aukera ere eman dute aurten, “herriko eta eskualdeko kirol elkarte guztien parte-hartzea eskuratu nahiko genuke, eta bakoitzak bere elkartearen kamisetarekin korri egitea” esan dute. Baina ez hori bakarrik, kultur eta aisialdi taldeei ere luzatu nahi diete gonbitea.

Taldea bakoitza sexu eta adin ezberdinekoak izan daitezkeen bost korrikalarik osatu behar du eta “helburua denek elkarrekin korrika egitea da, irteeratik helmugaraino”. CARetik azaldu dutenez, gainera, talde bakoitzak dortsal pertsonalizatuta izango du eta helmugan egongo den esatariak parte hartzen duten elkarteei aipamen berezia egingo die, elkartearen berri herritarrei emateko. Talderen batek  berezia den zerbait esaterik nahiko balu, antolatzaileei jakinarazi beharko die.

Interesdunek lasterketaren inguruko informazio guztia eta izena emateko aukera CARen web gunean aurki dezakete.