Mikel Odriozola Ibilketa Saria jokatu da igandean Fanderian

mikel odriozolaIgandean, hilak 19, Errenteriako Club Atelticoak antolatuta, Errenteriako Udal Kirol Patronatuaren laguntzarekin, “Errenteriako I. Ibilketa Saria – Mikel Odriozola Saria” egingo da hainbat kategoriatan: haurrak, kadetea, gazteak eta seniorrak. Era berean, Euskadiko Txapelketa izango da eta Galizia eta Kataluniako federazioetako atletek parte hartuko dute.

Proba hau egiteko zirkuitu bat prestatu dute Touring eta Fanderia Etorbideen artean, hain zuzen ere, Euskotren geltokiaren eta Fanderiako futbol zelaiaren sarrera nagusiaren artean. Norabide bikoitzeko zirkuitua izango da. Probaren irteera eta helmuga Fanderiako Igerilekuaren parean egingo dira, zirkuituaren erdiko gunean.

Zirkuitua, gainera, trafikoari itxita egongo da erabat eta hesiak jarriko dira jendea sar ez dadin. Fanderiako Pilotalekua prestatuko dure kontsigna zein dopinaren aurkako kontrolaren egoitza jartzeko.

Proba ezberdinak

Txapelketak hainbat proba izango ditu kategorien arabera, 10:00etan hasiko den haurrentzako probatik 12:15ean egingo den seniorrentzako proba arte.

Aldez aurretik, 9:30ean, “alebinentzako lasterketa martxosoa” egingo dute. Lasterketa horretan alebin kategoriako ikasleek (2002 eta 2003an jaiotakoak) zirkuituari buelta emateko aukera izango dute (1000 metro) ibiltari profesionalek lagunduta.

Antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute, 12:00etan lasterketa herrikoia egingo dela. Parte-hartzaileek milia bat (1.609 metro) korrituko dute probaren zirkuituan zehar.

Proba hauetan Errenteriako CAR Atletismo Taldeko langile boluntarioek emango dute laguntza teknikoa.

Maria Vascori omenaldia

Ekimen honi lotuta, gainera, berriki erretiratu den eta Sidney 2000ko joko olinpikoetan domina irabazi zuen Maria Vasco ibilketari kataluniarrari omenaldia eskainiko diote. Harrera ofiziala Udaletxeko Pleno Aretoan izango da, larunbatean, hilak 18, 19:00etan eta bertan izango dira Vasco bera eta baita igandeko proban parte hartuko duten delegazioak ere.

Trafikoa moztuta

Zirkuitua trafikorako itxita egongo da igandeko 8:00etatik 14:00etara. Zirkulazioa Fanderia Etorbideko 17 zenbakitik ere moztuko dute.

Era berean, zirkuitu osoan ezin izango dira ibilgailuak aparkatu, Fanderia Pasealekuko 17 zenbakitik Santa Klarako Biribilguneraino, larunbateko 15:00etatik igandeko 16:00etara.

Halaber, ezin izango dira mugitu Fanderia Etorbidearen 1etik 15era bitarteko garajeetan aparkatuta dauden ibilgailuak.

Udal Kirol Patronatutik egoera hori ulertzea eskatu nahi diete kirol jarduera hori dela-eta, eragozpenen bat izango duten pertsona guztiei.

Mikel Odriozola

Mikel Odriozola, Gipuzkoako Atletismoko Federezioaren egungo Presidentea Errenterian jaio zen 1973ko maiatzaren 25ean. Hiru olinpiadatan parte hartu duen atleta errenteriar bakarra izateaz gain, Euskadiko errekor guztiak gainditu eta emaitza ezin hobeak eskuratu ditu estatu mailan. 5 aldiz Espainiako txapelduna izan da 50 km martxa proban (2001, 2002, 2003, 2005 eta 2006). Horretaz gain, Espainiako errekorra gainditu du 30 km. martxan. Nazioarte mailan, azpimarratzekoa da 2007an Osakan egin zuten Munduko Txapelketan lortu zuen 6. postua, eta 1998an Budapest (Hungaria) eta 2005ean Goteborgen (Suedia) egin zituzten Europako Txapelketetan lortu zituen 4. eta 5. postuak, hurrenez hurren, eta A Coruñan 2006an eta Cheboksaryn (Errusia) 2008an Munduko Kopan eskuratutako 4. eta 5. postuak.