Etorkinentzako euskara ikastaroa antolatu dute

Aisa ikastaroaUdaleko Euskara Departamentuak euskara ikastaro laburra antolatu du herriko etorkinentzat, AISA ikastaroa. Ikastaroa 16 urtetik gorako etorkinentzat prestatu dute; bereziki, etorri berrientzat eta euskararekin orain arte harreman gutxi izan dutenentzat.

Irune Balentziagak, Euskara zinegotziak, “helburua etorkinei euskal kultura ezagutzen hasteko bidea eskaintzea” dela adierazi du. Hala, eguneroko bizitzan baliagarriak diren gauzak ikasiko dituzte: agurrak, zenbakiak eta oinarrizko hitz eta adierazpideak hainbat gairi buruz: familia, eskola, garraioa, osasuna, kirola…

60 orduko ikastaro hau Xenpelar AEK euskaltegiak emango du, martxoaren 31tik ekainaren 19ra izango da eta ikastaroan parte hartu nahi dutenek Udaleko Euskara Departamentuan eman behar dute izena martxoaren 21a baino lehen. Horretarako, 943 44 96 13 telefonora deitu behar dute.

Ikastaroaren prezioa 18 eurokoa da.