Oarsoaldeko Udalek emakumeenganako indarkeriaren aurkako elkarretaratzeekin bat egin dute

punto.lila.2013

Atzo, martxoak 17, Mungian 35 urteko emakume bat erail dute eta, Lakuako Segurtasun Sailaren arabera, haren bikote ohia atxilotu dute. Gertakari larri hori dela eta, Oarsoaldeko udaletako berdintasunerako arloek bat egingo dute eskualdeko talde feministek zein emakume-taldeek egingo duten deialdi guztiekin.

Deialdi horien artean Oreretako Mugimendu Feministak biharko, martxoak 19, deitu duen elkarretaratzea dago, Niessengo merkataritza-gunean 19:30ean. Udalek herritar guztiak deitu nahi ditugu Errenterian eta gainontzeko herrietan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzera.

Garbi izan behar dugu horrelakoak ezin direla gertatu gure gizartean eta horregatik, horien kontrako borrokan gure konpromiso tinkoa berretsi nahi dugu, udal langile eta ordezkari gisa. Eta maila bereko konpromisoa eskatu nahi diegu bai gainerako erakundeei eta baita herritarrei ere, guztion konpromisoa ezinbestekoa baita, gizartean dugun gaitz hori deuseztatzeko. Amaitzeko, Oarsoaldeko berdintasunerako arloetatik, gure elkartasuna adierazi nahi diogu emakumearen familiari.