Dantzagunearen behin behineko egoitza izango denaren irekiera ekitaldia egin zuten

Irune Balentziaga, Julen Mendoza, Ikerne Badiola eta Garazi Lopez Etxezarreta
Irune Balentziaga, Julen Mendoza, Ikerne Badiola eta Garazi Lopez Etxezarreta

Dantzagunea Niessenera trasladatzeko aurkezpen ekitaldia burutu dute  Errenteriako udaleko ordezkariek eta Gipuzkoako Aldundiko ordezkariek. Bertan, Ikerne Badiola, Kultura Diputatuak eta Julen Mendoza, Errenteriako Alkateak hitza hartu dute eta biak Dantzagunea Errenteria bezalako herri batera ekartzeak duen garrantzia azpimarratu dute.

Julen Mendozaren hitzetan, “herri honek badu dagoeneko ibilbide luzea arte eszenikoen munduan. Konpainia esanguratsuak ditugu gure herrian bai antzerkian eta baita dantzan ere, Euskal Herrian aski ezagunak direnak: Dejabu, Kukai, Metrokoadroka, etab. Horregatik, ezin hobeto kokatzen da arte eszenikoen proiektua herri honetan. Herriko errealitate artistikoarekin erabat txertatzen den proiektua izango delako, Gipuzkoan kokatzen dena, eta Euskal Herriko eta nazioarteko proiektua izateko bokazioa duena”.

Ikerne Badiolak adierazi bezala, “geltoki eder eta egokia aurkitu du Dantzaguneak Artelekutik Lekuonara egiten ari den bidaian”. Izan ere, behin behinean kokatuko baita Dantzagunea Niessenen Eraikineko 1. solairuan, Lekuonan kokatuko den Arte Eszenikoetako Zentroaren obrak amaitu bitartean, hain zuzen ere. Dagoeneko, eraikineko obrak martxan dira eta 2016 urte hasieran amaitzea aurreikusten da.

“Niessen zentroko obrak lau hilabete pasatxo iraun ditu, eta guztira 479.700€ inguru kostatuko ditu. Kopuru honetatik, Gipuzkoako foru Aldundiak 350.000€ jarri ditu, hau da, ia %75”, argitu du Mendozak.

“Plan Estrategikoaren proiektu garrantzitsuenetariko bat da Dantzagunea bera barnebiltzen duen Arte Eszenikoen proiektua. Arte Eszenikoen proiektuak, artea eta kulturaren  sendotzea eta zabalpenean urrats garrantzitsua izateaz gain,  Errenteria ADN kreaktiboa osatzen duten gainontzeko proiektuekin batera, sekulako garrantzia hartzen du herriko kasko historikoaren biziberritzean eta arte eszenikoekin lotutako artisau ofizioak indartzeari begira”, gaineratu du Errenteriako alkateak.

Azkenik, Mendozak, proiektu hau babestu duten udaleko talde politikoei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskerrak eman dizkie eta udalaren esku dagoen guztia egingo dutela azpimarratu du, elkarlanean aritzeko eta proiektu hau onuragarri izateko bai gure herriarentzat, eta baita Gipuzkoa eta Euskal Herriarentzat ere.