Errenteriako udalak bat egin du “Planetaren ordua” deialdiarekin

10990eu-300x150

Larunbatean izango da “Planetaren ordua”: itzali argiak ingurumena argitzeko.

Errenteriako Udalak bat egingo du WWF erakundearen deialdiarekin

Era guztietako pertsona, hiri eta erakundeek hartuko dute parte datorren martxoaren 29an, mundu guztian, “Planetaren ordua” ekimenaren zazpigarren edizioan. Ekimen hori WWFk antolatzen du, ingurumena babesteko beharraren inguruan kontzientziatu eta mobilizatzeko gizartea.

Errenteriako Udalak bat egin du ekimen horrekin eta Udaletxeko argiak itzaliko ditu deialdiaren ekintza nagusian parte hartzeko: eraikin ezagunetako eta etxeetako argiak ordubetez itzaltzea (20:30etik 21:30era). Aurtengo berritasun nagusia da jarduera osagarri ugari egingo direla eta ekimenaren orduan ordenagailuak eta gailu informatikoak itzaltzeko aplikazio bat (app) sortu dela. Horri buruzko informazioa webgune honetan aurki daiteke: http://www.wwf.es/

Milaka hirik hartuko dute parte

Iazko Planetaren Orduan 150 herrialdetako 7.000 hiri baino gehiagok hartu zuten parte eta beren monumentu eta eraikin nagusietako argiak itzali zituzten. Antolatzaileen helburua da mezu argia zabaltzea: keinu txikiek aldaketa handiak eragin ditzakete, urte guztirako konpromisoa hartzen badugu guztiok.

Aurten, WWFk erronka berria plazaratu du: elkar konektatutako komunitate global bat sortzea, frogatzeko noraino irits gaitezkeen gure mundua aldatzeko. Antolatzaileek lortu nahi dutena da guztiok -norbanako, udal eta ikastetxeak- eraginkorragoak eta autosufizienteagoak izatea energiaren erabileran eta energia garbiak sustatzea, horrela, planetako CO2 isurien maila murrizteko. Helburu horrekin bat egiten du Errenteriako Udalak.