14 filme emango dituzte Lupa dokumentalen mostran

LUPA_bannerDatorren astean ekingo zaio LUPA dokumentalen mostraren zazpigarren edizioari. Autengoan apirilaren 17tik 20ra luzatuko da Mikelazulo eta Donostiako Banda Bat elkarteen arteko elkarlanetik sortutako ekimena.

Lau egun hauetan zehar proiekzioak, otorduak, topaketak eta mahai-inguruak antolatu dituzte eta  guztira, areto komertzialetara iritsi ohi ez diren 14 filme emango dituzte.

Errenterian, ostiralean, hilak 18, emango dituzte lehenengo proiekzioak: 18:00etan, Julia (Emiliano Cano Diaz) eta Urola (Ander Agudo), eta 20:00etan, Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa (Maria Elorza, Maider Fernandez eta Aitor Gametxo) eta Qui séme le vent (Irene Bailo eta Julien Baroghel).

Larunbatean, ordea, Souvenir (Gerardo Carreras Caceres) eta N-VI (Pela del Alamo) ikusteko aukera izango da 18:00etan,  eta 20:00etan, Fuera de serie eta Sé villana. La Sevilla del diablo (Maria Cañas).

Mahai-inguruak

Proiekzioez gain, bi mahai-inguru antolatu dituzte: ostiralean Xabier Erkiziak soinua zineman nola landu daitekeen ardatz izango duen jarduna dinamizatuko du eta larunbatean, sortze prozesuan dauden lanak ezagutzeko aukera izango da.

Aurreko urteetan bezala, Lupita saila ere izango da oraingoan, zinema dokumentala haurrengana gerturatzeko asmoz sortutakoa. Hala, Karmengo Ama eskolan Luces escondidas lanaren gaineko tailerra eta proiekzioa emango dituzte, hezkuntzarako eskubidea jorratzen duen lana.

Gainera, ohikoa denez, proiekzioak doan izango dira eta filmak egileek beraiek aurkeztuko dituzte.

Mostraren inguruko informazio guztia LUPAren webgunean aurki daiteke.