Listorretako denboraldia asteburu honetan hasiko da

informazio bulegoa ListorretaLarunbatetik aurrera, hilak 12, Listorretako atsedenguneko informazio eta zaintzako zerbitzuak martxan jarriko ditu Udalak. Espazio hau Natura 2000 Sarean kokatzen den Aiako Harriko Parke Naturalaren sarbideetako bat da.

Errenteriako Udaleko Mendi eta Ingurumen Sailak, Listorreta nazioarteak babestutako eremu batean dagoela gogorarazi nahi du eta arrazoi honengatik bertara joateko asmoa duten bisitariei erantzukizunez jokatzeko deialdi berezia egin nahi die, batez ere hondakinen kudeaketa egokia, trafikoa eta aparkalekuei dagokienez.

Zentzu honetan, edukiontzietatik kanpo zaborra uzteagatik debeku gogora ekarri du  Udalak: “Atsedengunean badira behar bezain beste edukiontzi (lurrazpian eta lurgainean), udal komunak, udal edaritegi bat, otorduak egiteko ekipamenduak eta autokarabanarekin turismoa egiteko espazio bat ere”, adierazi dute Udaletik.

Harrera eta zaintza zerbitzua

Honez gain, harrera eta zaintza zerbitzu bat kontratatu dute. Zerbitzu berri honek Barrengoloiako zelaian kokatzen den Aiako Harriko Parke Naturalaren Informazio Bulegoa kudeatuko du eta Basozaintza zerbitzuarekin eta Udaltzaingoarekin koordinatuta egingo du lan.

Parkearen bulegoa Aste Santuan, apirilaren 17, 18, 19,20 eta 21ean irekiko dute. Ondoren zerbitzua asteburutan emango da ekainaren bukaerara arte. Uztailan eta abuztuan zerbitzua ostegunetara, ostiraletara eta astelehenetara ere zabalduko da.

Zerbitzu hau emateko Udalak, langabezian zeuden pertsonak kontratatu ditu eta hauek informazioa eskainiz eta naturaren babesa bermatuz lan egingo dute, fauna eta habitat ezberdinak zainduz. Honetaz gain, suaren erabilera, ondare publikoa, udal ekipamenduak, hondakinak edo zaratak kontrolatuko dituzte.

Udalak gogorarazi duenez, atsedengunean edo Listorretako eremuan jarrera edo erabilera desegokiak antzemanez gero bisitariek Udaltzaingoaren telefonora deitu dezakete: 943 34 43 43.